Mendarok ongi etorri beroa eskaini zion Korrikari

Ikastolak Korrika txikia antolatu zuen. /  A.Z.
Ikastolak Korrika txikia antolatu zuen. / A.Z.

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Atzo, goizeko 7:00ak aldera iritsi zen Korrika Mendarora eta herriko jendeak ongi etorri beroa eskaini zion lasterketari. Ondarru, Mutriku eta Debatik etorritako korrikalariei, Mendaroko herritarrak gehitu zitzaizkien eta guztien artean, bat eginik herri barruan sartu ziren eta handik, zubira berriro errepidea hartu eta Elgoibar alderako ibilbidea betetzera.

Azken urteetan, herritik pasatzen zaigu Korrika eta beti izaten du arrakasta handia, baina atzokoan besteetan baino jende gehiagok egin zuen bat Korrikarekin eta familia osoak ikusi ziren lasterketa erraldoian parte hartzen. Emozioa, giro bikaina, parte hartze handia eta batasuna izan ziren Korrikak herrian utzi zuen aztarna

Goizeko 11:00etan, ikastolako haurrek Korrika Txikia burutu zuten eta beraiek ere bikain egin zuten ezarritako ibilbidea.

Orain beste bi urte itxaron beharko ditugu hurrengo Korrikaz disfrutatzeko eta bitartean, atzo entzundako euskararen aldeko deiek, herriko kale giroan eta eguneroko bizitzan islada izatea espero da.