Malen jaiek jendetza erakarriko dute mutrikura

Gizon eta emakumez osatutako danborrada 'Mandazketa' elkartearena. /
Gizon eta emakumez osatutako danborrada 'Mandazketa' elkartearena.

'Bizixo' balea eguerdian, erraldoi eta buruhandiak arratsaldean eta, gauean, danborrada

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Malen Jaietan bete-betean sartuko da gaur Mutriku eta, horren lekuko, bazter guztietan izango den jendetza izango da. Eguerdian helduko da 'Bizixo' balea portura eta Intxirritik Beheko plazara, gazte jende ugari izango du komitibak. Txosna gunera iritsi bezain laster hasiko da txikiteoa elektrotxarangarekin, gazteen bazkaria 14:30ean izango da, eta arratsaldeko 18:00etan, berriz, interes gunea Txurruka plazara aldatuko da, izan ere, jaien hasierako txupinazoaren ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da txistulari talde osoarekin batera. Ordu berdinean, 'Eonian' elektrotxaranga aterako da txosna gunetik, eta 19:00etan, profesionalen zesta puntako jaialdia hasiko da Miruaitz frontoian. Estelarrean, Goikoetxea eta Lekerika, Ormaetxea eta Ibon Aldazabalen aurka neurtuko dira 15 tantotako bi setetara, eta berdinketa badago, 5 tantotako set bakarrera. Sarrerak nahi dituenak, bakanen batzuk frontoiko tabernan edukiko ditu, 10 eurotan. 19:30ean, Hilarion Eslavaren salbea abestuko da parrokian. Lehenik, sarrera izango da, ondoren, Aintza, hiru salmoak, Magnificat eta, azkenik, hain arrakastatsua den Salbea abestuko da. Elizkizunaren buru, Txomin Zabaleta erretorea izango da, organoan, berriz, Eduardo Yurrita arituko da eta, koruaren zuzendari, Aitor Lizardi. 20:00etan, ohiko Larrain dantza herrikoia dantzatuko da Txurruka plazan eta txosna gunetik falta direnen aldeko manifestazioa aterako da. 20:30ean, 'Segan' taldearen lehen saioa hasiko da txosna gunean.

Mandazketa danborrada

Gaueko 23:00etan hasiko da 'Mandazketa' danborrada. Itziar Galdos izango da zuzendari nagusia, Musika Bandaren zuzendaria Josean Pascual eta sukaldarien buru, berriz, Unai Centeno arituko da. Interpretatuko dituzten piezak hauek: Donostiako Martxa kalean, eta Beheko plazan; Diana, Iriyarena, Tatiago eta Mutriku Erria eta Txurruka plazan, berriz; Diana, Iriyarena, Tatiago, Polka, Retreta eta Zezilio Pagoaren 'Mandazketa' eta 'Mutriku Erria'. Danborrada ordenatua hausteko unean, Pepe Andoainen 'Goiburu' joko dute. Danborrada bukatu bezain laster hasiko da Oihan Vegaren saioa, joan zen urteko jaietan jende gehien erakarri zuen musika saioa izan zen hau. Txosna gunean, berriz, 0:15ean, emakume sukaldariek botako dute txupinazoa eta, segidan aterako dira 'Emakumiak' batukada.Ordu berean, 'Segan' taldearen bigarren saioari ekingo diote. Beraz, Mutrikura hurbiltzen denak izango du festa girorik.

Arrauna orion

Arraun Taldekoak berriz Orion arituko dira gaur goizeko 11:30etik aurrera. Joan zen igandean Kantabriako Camargon zazpigarren postua lortu ondoren, seigarrenetik segundo batetara, zazpigarren postuan dira sailkapen orokorrean, eta, ondorioz, Orio, Getxo eta Hondarribia taldeekin batera arituko dira gaur hirugarren tandan, Orioko estropada eremu berria estreinatuz gainera. Deskuidoan bandera lortuko balute, jaien hasierako albiste hoberena izango litzateke zalantzarik gabe