Larunbatean musika izango da protagonista Itziarren

Erromeri Egunean Itziarren panderetak. / ANDER SALEGI
Erromeri Egunean Itziarren panderetak. / ANDER SALEGI

Erromeria Eguna ospatuko da eta gaur izango da azken eguna bazkari herrikoiko tiketak erosteko

ANDER SALEGI DEBA.

Urteroko ohiturari jarraituz, Itziarko XI. Erromeri eguna antolatu dute Andutz Kultur Taldeak Itziarko Auzo Udalaren babesarekin eta Debako Udala, Euskal Herriko trikitilari eta txistularien laguntzarekin. Aurten ere Erromeri Egunaren antolatzaile nagusia Andutz Kultur Taldea izan da, herriko hainbat elkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuarekin sortu zen taldea orain dela bost urte inguru. Besteak beste, Itziarko herri mugimendua berreskuratzeko eta herri kultura berpizteko xedeak ditu taldeak. Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, ekimenez beteriko eguna antolatu dute itziartarrek. Beste urteetan Euskal Herriko txoko askotatik etorri izan da jendea. Aurten ere jende asko espero dute itziartarrek, jada erromeri munduan errotzen hasi den festa honekin.

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako. Era berean, musika eta dantzarekin gozatu ahal izateko aukerak ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak irrikitan egoten ziren erromerietara joateko.

Aurtengo egitarauak ez du aldaketa handirik beste urteekin konparatuz. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, txistulariak (Deba, Hernani eta Azpeitia), Hernani eta Tolosako dultzaineroak, Zubietako joaldunak, Vianako eta Itziarko dantza taldeak, Hernaniko albokariak, Txilibita fanfarrea eta gehiago. Trikitilariak, Kris Solano, Ihintza Irizar eta Kristina Peña, Ostolaza eta Rakel, Jagoba eta Naia, Arandia Anaiak, izango dira. 11:00etan kalejira bat egingo da. 12:00etan mokadua Herriko plazan. Hamabost minutu beranduago, Itziarko eta Vianako dantzariek dantza erakustaldi bat eskainiko dute. Kalez kale abiatu baino lehen Itziarko bertso eskolako ikasleak bertsotan arituko dira.

Eguerdiko 14:30ean herri bazkaria izango da frontoian, paella eta kostila izango da menua; eta bazkaritarako txartelak erosteko azken eguna gaur da. Itziarko ohiko saltokietan ( Burugorri, Gure Denda edo hostalean) saltzen dira. Menuaren prezioa 15 euro helduentzat eta 8 euro 14 urte arte.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera erromeria izango da nagusi eta ondoren 21:30etan erromeria-afaria trikitilariekin Burugorri ostatuan. Afarira joateko komeni da erreserba egitea 943 199 280 telefonora deituz. Afalondoren, sortuko den erromerian edozeinek parte har dezake, librean jotzeko aukera egongo baita. Parte hartzeko intentzioa dutenek panderoa edo trikitixa eraman beharko dute.