San Juan suaren inguruko tradizioak

GORRITIBEREAMUTRIKU.

San Juan bezpera izanik, suaren inguruko tradizioak beteko dira gaur Mutrikun, eta baten ordez bi aukera izango dira gainera. Ohiko ekimenari erreparatu ezkero, gaueko 21:30ean Gure Ametsa dantza taldeko 50 dantzari eta Musika Bandakoak abiatuko dira Txurruka Plazatik kalejiran Burumendiko zelaira iritsi arte. Behin zelaira iritsi ondoren, antzezpen bereziaegingo dute Goizeko Izarra antzerki taldekoek, dantzariak beraien koreografiak eskaintzen dituzte bitartean. Ordurako sua piztua izango da, baina guztia bere osotasunean garatu dadin, izango da argi jokorik, musika tresna berezirik eta baita dantzarik ere. Ohiko zortzikoaz gain, sorgin dantza, fandangoa, arin-arina, herri dantza eta abarrak eskainiko baitituzte. Madalena auzora berriz erraldioi eta buruhandien konpartsa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da, 19:00etan, Potx pailazo magoaren emanaldia izango da anfiteatro gainean dagoen plazatxoan. 20:00etan txorimalo tailerra burutuko da, bien bitartean pintxoak eta edaria egongo delarik bertaratuentzat, eta gaueko 22:30ean hasiko da Joxpa taldearen emanaldia sua piztearekin batera. Ondoren helduko dira Akerbeltz, Mari eta konpainia.