Informazioa eta eztabaida ardatz, Historia jardunaldietan

Gaur hasiko dira eta Unai Belaustegik 'Errepublikanismoa Euskal Herrian' gaia jorratuko du

A. GORRITIBERE MUTRIKU.

Gaur hasi eta hurrengo hiru ostegunetan zehar Historia Jardunaldiak ospatuko dira, informazioa ezik eztabaidarako gaiak jarriko dituztenak mahai gainean. Gaur, arratsaldeko 19:00etan, Zabiel kultur etxean, Unai Belaustegi Bedialauneta herritarrak emango dio hasiera jardunaldiari 'Errepublikanismoa Euskal Herrian, eztabaidarako gaia' hitzaldiaren bidez. Gogoratu duela lau urte bere tesi doktorala gai horren inguruan burutu eta argitaratu zuela. 'Errepublikanismoa Gipuzkoan 1.868/1.923' izan zen lanaren izenburua, eta oraingoan lan haren garapena da proposatzen duena baina eztabaidara irekia. Historia apur ikasi nahi duenak aukera polita du gaurkoan. Hurrengo txanda berriz, Leyre Arrieta Alberdiren eskutik iritsiko zaigu, eta kasu honetan ere eztabaidarako gaia proposatuko du 'Zein da euskal heroina?' izango da maiatzaren 16an eskainiko duen hitzaldiaren izenburua. Eta azkena berriz, maiatzaren 23an Xabier Irujok eskainiko du 'Lizarrako forua, Mutrikuko forua, emakumeen eta haurren ikuspegi juridikoa XII. mendeko legean' izango da bere hitzaldiaren izenburua.

Mendi irteera

Burumendi Mendizale taldeak Aralarren kokatua dagoen Lizarrusti-Putxerri-Lareo-Lizarrusti mendi ibilaldia proposatu du hurrengo iganderako. Bost ordu ibilaldia izango da, irteera Mutrikun goizeko 7:30etan izango dute eta bertan parte hartzeko epea gaur amaituko da, horretarako 'Aparra' jantzi dendara joan beharko dutelarik interesatuek. Ohi bezala bazkideek 12 euro ordainduko dute eta ez direnek berriz 15 euro.