Herriko edadetuak omenduko dira bihar Txurruka plazan

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Andra Mari eguna Mutrikun edadetuei eskaintzen zaien omenaldiarekin lotuta etortzen da, eta aurtengoa ez da gutxiago izango, izan ere ohiturari jarraituz, 70 urtetik gorakoei omenaldia eskainiko bai zaie Txurruka plazan.

Hasieran krabelina jarriko zaie aiton-amonei 10:30ak aldera. Goizeko 11:00etan meza nagusia izango dute parrokian Txomin Zabaleta erretorea buru dela. Eskaintza garaian, arraina, ardoa eta ogia eroango dute eskaintza bezala. Meza ostean, parrokiko eskaileretan jarriko dira guztiak, eta 'Gure Ametsa' dantza taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatuko die lehenik; ondoren, ohiko argazkia aterako dute, eta udaletxe azpira abiatuko dira omenaldia burutzeko. Aurtengoan bertsolariak Laxao Astigarraga eta Xabier Astigarraga aita-semeak arituko dira, Joseba Palenzuela alkateak eta Ainhize Azpiazu Jendarteko zinegotziak erregaliak eskainiko dizkie bi omenduei, eta ondoren izango dute pintxo dastaketa.

Gogoratu, aurtengoan 46. edizioa burutuko duela omenaldiak, hasiera batean 'Ziñua' elkarte gastronomikoak Jontxu Elordiren ekimenez urteetan burutu zena, eta azken urteetan Udalaren eskutara pasatu arren, trinko jarraitzen duena.

Herriko edadetuei gogoratu guztiak daudela gonbidatuta, baita mendaroarrak ere, ekimenarekin hasi zirenean, Azpilgoeta auzoa Mutriku baizen.