IX. Herriarteko Zesta Txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar mutrikuarrek

Mikel Manzisidor eta Aratz Mendizabal garaile Durangon. / GORRITIBEREA
Mikel Manzisidor eta Aratz Mendizabal garaile Durangon. / GORRITIBEREA

Zumaiako Aitzuri frontoian jokatuko dira arratsaldeko 18:30etan

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Gipuzkoako IX. Herriarteko Zesta Txapelketako finalak jokatuko dira bihar ostiralez, arratsaldeko 18:30etik aurrera Zumaiako Aitzuri frontoian. Aurreko zortzi txapelketetan bezala, mutrikuarrak finalean izango dira, baina kasu honetan donostiarrak izango dituzte aurrez aurre. Kadeteetan, Eñaut Urreisti eta Alain Basterretxeak osatuko dute bikotea; jubeniletan, Zuhaitz Arrillaga eta Aratz Mendizabal, eta seniorretan Aitor Andonegi eta Mikel Manzisidor. Hiru partidak 30 tantotara jokatuko dira, eta ikusteke dago gutxiengo bi puntuak ze mailetan lortzen dituzten, donostiarrak ere bikote oso lehiakorrak bai dituzte. Gogoratu lehen bi edizioetan eta joan zen urtean mutrikuarrak azpitxapeldun gelditu zirela, eta beste bost edizioetan berriz, Gipuzkoako txapeldunak izan direla 'Danok Bat' pilota eskolakoek.

Joan zen larunbatean berriz, Durangoko Ezkurdi frontoian Euskal Jaiak txapelketako finalak jokatu ziren, bi finaletan ere mutrikuarrak gertatu zirelarik garaile. Lehen mailan, Hormaetxea eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak, 30 eta 27 irabazi zieten Miamitik etorri berria den Jon Mugartegi eta Lekueri. Partidu izugarria izan zen, sortu zen giroa bezalaxe. Bigarren mailan berriz gauzak errazago erabaki ziren, Eduardo Agirre zumaiarra eta Aratz Mendizabal mutrikuarra 30 eta 19 irabazi zieten Urrejola eta Azkari.

Mutriku futbol taldea

Mutriku Futbol Taldea sortu zeneko 75. urteurreneko ekintzen barruan, hurrengo larunbaterako antolatu den 'Herri Jaixa' jendetsua izango da, izan ere egunak denetatik izango baitu. Hasteko eguerdiko 12:00etan, Mutrikuko Arraun Taldekoen laguntzari esker, sardina erreak zerbitzatuko dira Beheko Plazan. Ohi bezala, sardinak postuan eskuratu ahal izango dira, eta edaria berriz inguruko tabernetan. Ekimena girotzeko asmoz, Mutrikuko Musika Bandak antolatutako txaranga ere jaitsiko da Beheko Plazara.

Eguerdiko 14:30etan berriz Herri Bazkaria izango da Miruiatz frontoian. Menua, paella eta euskal pastela eta prestatzaileak berriz 'Paellas Arraun' enpresakoak. Guztira 300 bat lagun bilduko dira, izan ere 230 jokalari eta entrenatzaileak izango bai dira, beste 50 bat lagunek txartela erosi dutenak 15 euroren truke, eta besteak berriz gonbidatuak izango dira. Oraindik ere txartela eskuratu nahi duenak, 'Bar Puerto' tabernara deitu besterik ez du, baina eguerdia baino lehen.

Bazkalostean trofeo banaketa izango da; Mutrikuko Futbol Taldeak dituen bederatzi taldeetako gol gehien sartu dituen jokalaria, erregularrena eta konfidantza sariak eskuratuko direlarik, beraz 27 sari guztira.

Gogoratu azkenik, urteurreneko materiala ere salgai dagoela Erdiko Kalean kokatuta dagoen dendan. Bihar 19:00etatik 21:00etara irekiko da eta larunbatean, Beheko Plazan jarriko da salmenta mahaia. Sudaderak 20 eurotan daude salgai, poloak 15 eurotan eta kamisetak 10 eurotan.

EH Bildu

Udaleko agintea lortu ondoren, Udal Gobernu partekatua lortzeko asmoarekin jarraitzen du EH Bilduk. Gaur, 19:00etan, Zabiel kultur etxean, herritar guztientzako bilera irekia izango da esku artean duten informazioa konpartitu eta herritarrengandik ekarpenak jasotzeko asmoz.