Haur parke ereduei buruzko hitzaldia izango da Itziarren bihar

Jolasaren garrantziaz, eta nagusitzen ari diren parkeen alternatibez mintzatuko dira Alubi Elkarteko teknikariak

A.S. DEBA.

«Haurrari jolaserako bideak ireki» izenburuarekin hitzaldia izango da asteazken honetan Itziarko Burugorri gainean, arratsaldeko zazpiretan, Lizarbe Guraso Elkarteak antolatuta, Itziarko Auzo Udalaren babesarekin. Alubi Elkarteko teknikariak izango dira hizlari. Elkarte honek helburuetan dioenez, «umeek hirietan hartzen duten presentzia aztertu beharra dago, nagusitzen diren haur parkeen inguruan hausnartu, jolasaren garrantziaz jabetu gaitezen. Ondoren, umeak oinarri hartuta, parkeen diseinuan eta parte hartze prozesuen bidez, alternatibak planteatzeko».

Jolasa ikasteko eta bizitzeko biderik zuzenena dela esan daiteke. Haurrak ezin dira ulertu jolasik gabe. Izan ere, jolasa baita mundua uler-tzeko duten tresna. Jolasaren bidez haurrak munduarekin, bere buruarekin eta eguneroko bizitzarekin loturak eraikitzen ditu. Jolasean dabilenean, bizi, ikasi eta jolastearen inguruan ez du desberdintasunik ikusten, izan ere, denak loturik ikusten baititu. Umeak jolasik gabe ulertu ezin diren bezela, herria umerik gabe ezinezkoak dira. Azken batean, jolasaren bidez ikasten dute haurrek etorkizuneko hiritar izaten.

Haurrentzat jolasak duen garrantziaz jabeturik, nola uztartu daiteke jolasa eta herrigintza? Hainbat adituk dioten bezala, jolasaren bidez, haurrak gozatzeaz gain, etorkizunean herritar osasuntsu, parte-hartzaile, zoriontsu eta ekintzaileak izaten ikasiko dute. Besteak beste, baldin eta txikitatik beraien iritziak, nahiak, etab. plazaratzeko aukera ematen bazaie eta herrian beraien hitza kontuan hartzen dela ikusten badute.

 

Fotos

Vídeos