Gure Ametsako taldekideak 'Korrontzi dantzan' ikuskizunean izango dira gaur

Gure Ametsa dantza taldeko neskak, azkenengo Malen jaietan eskaini zuten saioetako batean. / GORRITIBEREA
Gure Ametsa dantza taldeko neskak, azkenengo Malen jaietan eskaini zuten saioetako batean. / GORRITIBEREA

Gutxitan ikusitako kontzertua izango da gaueko 22:30etatik aurrera Txurruka Plazan

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Korrontzi taldea izango da gaur egun herri musikan Euskal Herriak duen talderik ospetsuenetarikoa, eta horri eransten bazaio herriko 'Gure Ametsa' dantza taldekoek azkeneko hilabetetan prestatu dituzten koreografiak, 'Korrontzi Dantzan' ikuskizuna ateratzen da, gutxitan Mutrikun ikusi den bezalako ikuskizuna. Proiektuaren burua Agus Barandiaran da, trikitixak eta ahots printzipala berak jarriko ditu, baina taldean badira puntako musikariak; Ander Hurtado de Saratxo, perkutsioetan eta baterian; Kike Mora, kontrabaxu elektrikoan, baxu elektrikoan eta koruak burutzen; Alberto Rodriguez, gitarran, mandolinan eta koruak burutzen baita, baina horrez gain izango dira musikari gonbidatuak, besteak beste Xabier Berasaluze 'Leturia' pandero jotzailea, gaita joleak edo eta txistulariak ahaztu gabe.

Gure Ametsa partaide.

Ikuskizunak hartuko duen neurriaz jabetzeko, Gure Ametsa dantza taldeko 17 eta 20 urte arteko hamabi neska dantzari, azken hilabetetan koreografia desberdinak prestatzen aritu dira. Guztira zazpi pieza moldatu dituzte, eta horiek dira gaur eskainiko dituztenak, baina besterik ere izango da; izan ere kontzertuak hogeiren bat pieza izango bait ditu bisak kontatu gabe, eta horietako zenbait piezetan, Billabonako Oinkari dantza taldekoek eskainiko dituzte koreografiak. Dantza guztien arduraduna Izaskun Iturri izan da, eta Gure Ametsa dantza taldean berriz Idoia Basterretxea. Agus Barandiaran bera gutxienez bost bat aldiz izan da Mutrikun entsaioak ikustatzen, beraz gaur ikus ahal izango dena, ondo landutakoa izango da zalantzarik gabe.

Dantzarako kontzertua

Kontzertua gaueko 22:30ean puntuan hasiko da Txurruka plazan; afariak, entzuleak eta dantzariak bilduko dituen ikuskizuna, eta doan gainera. Horrexegatik, piezak interpretatzen direnean isiltasuna gordetzea eskertuko lukete batez ere musikariek, eta 'Korrontzi' bezalako puntako talde bat entzutera doazenek. Plaza erabat beteko da, beraz ea guztien arteko aldarte on bat lortzeko gai garen guztiok ere. Egin kontu hilabetetako lana dagoela atzean eta horrek errespetuzko jarrera bat eskatzen du gutxienez.