Gipuzkoako lehen mailako pala txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur Miruaitzen

Xabi Garalde eta Igor Elezgarai./
Xabi Garalde eta Igor Elezgarai.

Bertan Igor Elezgarai 'Txaparro' eta Xabi Garalde, Azkoitiko Epelde eta Lopetegiren aurka neurtuko dira

GORRITIBEREA MUTRIKU.

'Danok Bat' pilota eskolak, zesta ezik pala ere badu eta jokalari bikainak gainera. Gaur gaueko 21:30etan, Gipuzkoako lehen mailako txapelketako finalerdietako lehen bueltako partidua jokatuko da Miruaitz frontoian, bertan Igor Elezgarai 'Txaparro' eta Xabi Garalde, Azkoitiko Epelde eta Lopetegiren aurka neurtuko direlarik 25 tantotara. Hurrengo asteburuan itzuliko partida izango da Azkoitian, eta aurreko emaitzei erreparatu ezkero, aukera asko dituzte mutrikuarrak finalean egoteko, baina hori frontoian erakutsi beharko dute. Finalean berriz, litekeena da Erreala ordezkatzen duten bikotearekin izatea, beste finalerdian Usurbil taldearen aurka neurtuko bai dira. Danok Bat elkartetik badaezpada eskatu dute dagoeneko finala Mutrikun jokatzea.

Bestalde, palako 'Piker' txapelketako partidak jokatuko dira bihar eta etzi Miruaitzen. Bihar larunbata goizeko 9:00etan, 10:00etan eta 11:00etan jokatuko dira partiduak eta igandean berriz 10:00etan eta 13:00etan. Gogoratu txapelketa honetan, Tolosa, Eibar, Zumaia edo eta Amorotoko bikoteak daudela besteak beste.

Bestalde, Gipuzkoako Zesta Txapelketa barruan, jubenil mailako partida izango dute gaur Zuhaitz Arrillaga eta Aratz Mendizabalek arratsaldeko 19:15ean Miruaitzen, eta igandean berriz txapelketa berdineko senior mailako partida jokatuko dute baita Miruaitzen Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidorrek. Partida eguerdiko 12:00etan jokatuko da eta Zumaiako Agirre eta Uranga izango dituzte aurrez aurre.

Eskubaloia

Eskubaloia ere bere txokoa irabazten doa urtez urte, horren lekuko Jauja-Sagarmiña taldea da, izan ere Gipuzkoako kadete nesken partaidetza txapelketan, emaitza oso onak lortzen ari bai dira, urrutira joan gabe, duela hamabost egun 7-30 irabazi zieten Arrasate taldeari. Gaur egun bigarren dira sailkapenean eta liderra berriz EKA Laudio da.

Bihar larunbatez, goizeko 11:00etan Mutrikuko kiroldegian jokatuko dute bi taldeek, beraz aukera polita Aitor Ulaziak zuzentzen duen taldearen eboluzioa ikusteko.

Bihar merkatu txikia

Hileko bigarren larunbata izanik, bihar larunbata, goizeko 9:00etatik 14:00etara, Merkatu Txikia ospatuko da Beheko Plazan. Ibiri, Antia, Eloalboraz, Ondare, Goienetxe eta azken azoketan bezala Institutuko ikasleak jarriko dituzte postuak. 13:30etan berriz ohiko 50 euroko saskiaren zozketa burutuko da, eta hurrengo zita Santomas azoka berezia izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos