Gazteak protagonistak Kopraixetako azken egunean

Kuadrillek bere egun handia ospatu zuten atzo. Oroigarri moduan, talde argazkia atera zuten. / ARGAZKIAK: ANDER SALEGI
Kuadrillek bere egun handia ospatu zuten atzo. Oroigarri moduan, talde argazkia atera zuten. / ARGAZKIAK: ANDER SALEGI

Arnaitz Garate 'Fausto' bizikleta karrerako irabazlea izan zen

ANDER SALEGIDEBA.

Itziarko jaiak giro ederrean amaitu ziren. Ekintzez betetako bost egun eder pasa dituzte itziartarrek, musikaz, dantzaz, zezenez, kirolez eta jolasez berriz gozatzeko beste urte bat itxaron beharko dute.

Gazteak arduratu ziren atzo aurtengo jaien egitaraua ixteaz. Eguna puzgarriekin hasi zen, Zabalsoro frontoian umeek primeran pasa zuten bertan saltoka. Adin guztientzat zuzenduta egon ziren batzuk txikientzat eta beste batzuk helduagoentzat. Ondoren gazteek testigua hartu zuten eta beraien eguna ospatzen hasi ziren. Lehendabiziko ekintza, ohitura denez, bizikleta karrera izan zen. 13 txirrindularik parte hartu zuten, batzuk mendiko bizikletarekin beste batzuk errepidekoarekin. Arnaitz Garate izan zen lehena meta zeharkatzen. Irabazleak, bazkari edo afari bat Santuaran jatetxean bi pertsonentzako lortu zuen. Zirkuituari bost buelta eman eta gero, Arnaitzek gutxigatik irabazi zuen azken sprintean. Aurtengo bizikleta karreran gazte askok parte hartu zuten, helduak baino gehiago, baita ere emakumezko bat animatu zen.

Jarraian, kuadrillak Burugorrin elkartu ziren eta bertan hasi zuten poteoa. Eguerdian, Jan Da Eran txarangak zuzenduta, kuadrilla guztiak zezen plazaraino gerturatu ziren, bertan Sakak bere zezenak atera zituen herriko plazara, eta gutxi batzuk ausartu ziren zezenaren aurrean jartzen. Jarrain, kuadrillak sukaldaritza lanetan hasi ziren paella egiteko asmoz. Arratsaldean, kalejira baten bitartez, plazara gerturatu ziren, beraientzat antolatutako jokoetan parte hartzeko asmoz. Aurreskua eta zezenak ez ziren falta arratsaldeko ekintzetan.

Gauean dantzatzeko aukera paregabea egon zen Tximeleta taldeak eskainitako kontzertuarekin eta Dj-ak eskainitako musikarekin. Lotsa gutxi zutenek jendearen aurrean abesteko, playback txapelketan parte hartu zuten.

Jaiak amaitu dira Itziarren, baina Deban datorren asteazkenean hasiko dira txupinazoarekin, aurretik asteartean desenkajonamientoa ikusteko aukera egongo da zezen plazan. Debarrek, bost egun izango dituzte beraien festetaz gozatzeko, itziartarrek berriz urte bat itxaron beharko dute Kopraixak berriz ospatzeko.