Borrar

Elgoibar euskaldunagoa izateko adostutako zortzi baldintzak plazaratu dituzte

Elgoibarko 105 pertsonen partaidetzarekin egin den Batera Elgoibarren lan-prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunean

Jabi Leon

Elgoibar

Asteazkena, 3 abendua 2025, 20:51

Comenta

Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak Euskararen Nazioarteko Eguna baliatu dute «hamar urte barru Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzutea» helburu nagusia duen Batera Elgoibarren herri-ekimena jendaurrean aurkezteko. Elgoibarko Izarra eta Udala izan dira Batera Elgoibarren egitasmoa abiatu duen lehen fasearen eragile nagusiak, eta Taupa euskaltzaleon mugimenduak gidatu eta dinamizatu du lan-prozesua.

Ekimenaren bultzatzaileek Herriko Antzokian egindako ekitaldian azaldu dutenez, «Elgoibar euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta adostea izan da urtarrilean hasi eta ekainera arte iraun duen lan-prozesuaren egiteko nagusia». Elgoibarko 105 lagunek parte hartu dute prozesuan, eta zortzi izan dira adostu dituzten baldintzak. Behin baldintzak adostuta, herriko entitateei aurkeztu zaizkie, eta asko dira ekimenari euren babesa erakutsi dien entitateak.

Edonola ere, Elgoibar euskaldunagoa izateko Batera Elgoibarren prozesuaren baitan adostutako baldintzak Herriko Antzokian ospatutako ekitaldian eman dira ezagutzera.

Hala ere, Herriko Antzokian ikusi eta bizi izan denak gehiago izan du emoziotik informaziotik baino. Izan ere, zortzi baldintzak ez dira berbaz azaldu, herriko kulturgintzan aritzen diren hainbat eragile eta norbanako igo dira oholtzara horiek irudikatzeko. Besteak beste, Biraka dantza taldeko dantzariak, Mari Juli Conde, Aitor Nova eta Nerea Gil, Aitor Gisasola edota Kitziki musika taldeko Olatz Macazaga eta Maddi Arrieta aritu dira zeregin horretan.

Zortzi baldintzak

Hamar urte barru Elgoibar herri euskaldunagoa izateko Batera Elgoibarren lan-prozesuaren baitan adostutako zortzi baldintzak ondorengoak dira:

1.- Kulturartekotasuna bermatzeko neurriak hartuko dira, eta hizkuntza eta kultura anitzeko pertsonen arteko ezagutza-trukea eta elkarrekintza sustatuko dira. Horretarako, besteak beste, euskaldunon hizkuntza, historia eta egoera soziolinguistikoaren transmisioa landuko da, eta baita Elgoibarren bizi diren gainontzeko hizkuntza eta kulturen ezagutza ere.

2.- Euskara ikasteko edota lantzeko dauden aukeren berri emango da, eta euskara ikasteko gogoa edo premia dutenei erraztasunak eskainiko zaizkie, hemengoa nahiz etorri berria izan.

3. - Euskara bizipen on eta atseginekin lotuko da, eta, batez ere, hiru esparrutan eragingo da: kirolean, aisialdian eta kulturan. Euskara sentimenduekin eta emozioekin lotuko da, eta erreferente positiboak sortuko dira.

4. Euskararen inguruko errelato edo kontakizun berritua sortu, aitortu eta onartuko da, euskarari behar duen prestigioa emateko helburuarekin, eta, horretarako, besteak beste, gure herriko historiaren, berbetaren eta nortasunaren belaunaldien arteko transmisioa landuko da.

5. - Hezkuntza-politiketan tinko eragingo da herriko ikastetxeetan dagoen segregazioaren kontzientzia hartu eta komunitate moduan erantzuteko. Elgoibarko Hezkuntza Mahaia ere indartuko da, inklusioa eta integrazioa erraztu eta ikastetxeetan euskarak izan behar duen trataera arautzeko.

6.- Euskal identitate ireki, eskuzabal eta harkorra eraikiko da. Talde-harrotasuna eta kontzientzia landuko dira, eta, gainera, aurreiritziak eta jarrera baztertzaileak alboratuko dira. Herriko espazio publikoetan euskararen presentzia eta erabilera bermatuko da.

7.- Herrira iritsi berriei hizkuntza-harrera egingo zaie, eta lehendik bertan bizi direnentzat euskararen erabilera areagotzeko ekimenak antolatuko dira. Herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko arau sozialak gizarteratu eta sustatuko dira: euskaldunei euskaraz egin, ezezagunei lehen hitza beti euskaraz edo elkarrizketa elebidunei eutsi. Eta horietaz gainera, euskaraz berba egiteko gune seguruak sortuko dira, eta ´euskara ez-perfektua´ ere onargarria izan litekeela onetsiko da.

8.- Euskararen gaineko herri-ituna idatzi eta onartuko da, elgoibartarron hizkuntza-kontzientziazioan sakondu eta euskararen auzia herri osoaren ardura eta erantzukizuna dela gizarteratzeko. Horrekin, besteak beste, herritarren aktibazioa eta ahalduntzea bilatuko da.

Herri-itunarena aurkeztutako azken baldintza izan bada ere, martxan jarriko duten lehena izango da.

Izan ere, «herri-itun bat prestatzera goaz. Herri moduan pentsatu, erabaki eta egiteko ordua heldu zaigu elgoibartarroi. Batera eta norabide berean egin eta eragiteko ordua». Herri-itun horretan «jasoko dugu hurrengo hamar urteetan egin nahi duguna, eta Elgoibar herri euskalduna izateko ardura hartu nahi duten elgoibartar guztiek izango dute tokia, entitateak eta norbanakoek». Dena ondo bidean «uda aurretik prest izango dugu Elgoibar euskaldunagoa izateko herri-ituna».

Herriko Antzokian Gorane Ayesta herritarraren gidaritzapean egindako ekitaldia borobiltzeko Batera Elgoibarren prozesuaren iturburuan egon diren hiru entitateen ordezkariak igo dira eszenatokira: Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea; Amaia Sastre, Elgoibarko Izarra elkarteko lehendakaria, eta Taupa euskaltzaleon mugimenduko kideak diren eta lan-prozesua gidatu eta dinamizatu duten Onintza Olaizola eta Irati Agorria.

Amaitzeko, luntx txiki bat izan da Herriko Antzokiko kanpokaldean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Elgoibar euskaldunagoa izateko adostutako zortzi baldintzak plazaratu dituzte

Elgoibar euskaldunagoa izateko adostutako zortzi baldintzak plazaratu dituzte