Borrar
Aubixa euskal girotze barnetegiko hezitzaileek Kalamuan jarritako buzoi berria. ASKASIBAR

Elgoibar

Buzoi berri bat baino askoz gehiago Kalamuan

Euskal Herriko Mendi Federazioaren oniritzia jasota, Aubixa euskal girotze barnetegiak egoera txarrean zeuden buzoi zaharrak kendu eta berria ipini du gailurrean

Jabi Leon

Elgoibar

Martes, 27 de mayo 2025

Ikasturte bakoitzean Euskadi osoko herri ezberdineko 700 bat eskola-ume joaten dira Elgoibarko Idotorbe (San Pedro) auzoan kokatuta dagoen Aubixa euskal girotze barnetegira egonaldiak egitera.

Esan beharrik ez dago bertaratzen direnek euskaraz aritzeko, euskal giroan lagun artean disfrutatzeko eta euskal kulturara hurbiltzeko ekintza ezberdinak burutzen dituztela Aubixan; bertan lan egiten duen lau lagunez osatutako hezitzaile taldearen gidaritzapean eta baserriko Maritxu Loiolak berezko duen berotasunean.

Urteko garaiaren arabera Aubixan antolatzen diren ekintzak ezberdinak izaten dira, baina badaude batzuk astero astero errepikatzen direnak. Horietako bat euskal girotze barnetegitik gertu dagoen Kalamua mendiaren tontorrera igotzea da.

«Buzoia jartzeko baimena eman ziguten baina, beti ere, aurretik jarrita zeuden buzoi zaharrak kentzen bagenituen»

Baina hori ez da mendi irteera arrunt bat izaten. Ibilaldia hasi aurretik eskola-umeek txarteltxo bat prestatzen dute barnetegian eta Kalamuara igotzerakoan bertako buzoian lagatzen dute, kartazal baten barruan eta zigilua jarrita, korreoz bidaltzeko prest.

Horrela, hurrengo egunetan mendiaren gailurretik pasatzen den mendizaleren batek ikasleek lagatako kartazala hartu eta dagokion herrira eramaten du, buzoi batean sartzeko. Handik egun gutxi batzuetara eskola-umeek beren ikastetxean jasotzen dute Kalamuan lagatako txartela.

Ekintza horrekin Aubixako hezitzaileek hemengo mendizaleen eta euskal kulturaren parte den ohitura zaharra erakutsi nahi izaten diete gaztetxoei.

Buzoia aldatzeko unea

Elgoibarko euskal girotze barnetegiak urteak daramatza Kalamuara igotzeko irteera hori gauzatzen, «baina tontorrean jarrita zeuden buzoiak oso zaharkituta eta egoera txarrean zeuden; eta azken boladan kartazalak poltsa baten barruan laga behar izaten genituen, ez bustitzeko», azaltzen du hezitzaile taldeko kidea den Amaia Zubizarretak.

Aubixa bezalako baserri baten itxura dauka buzoi berritak eta irrifar batekin egiten die harrera mendizaleei

Egoera horren aurrean, Aubixako ekipoak buzoi berria jartzeko prestutasuna agertu zion Euskal Herriko Mendi Federazioari. Erakunde honek oniritzia eman zion euskal girotze barnetegiari, baina baldintza bat jarrita. Amaiak berak dioenez, «gure buzoia jartzeko baimena ematen zigutela esan ziguten baina, beti ere, aurretik jarrita zeuden buzoi zaharrak -denboraren poderioz ustelduta zegoen burdinezko etxetxo bat eta suziri bat- kentzen bagenituen. Azken batean, mendi tontor batean ezin dira holako elementuak pilatu».

Aubixako lagunek ontzat eman zuten Mendi Federazioak esandakoa eta denbora galdu gabe buzoi berria prestatzeko lanean jarri ziren: «Arabako soldadura enpresa batean lan egiten duen gure lagun Josebari luzatu genion buzoi berria diseinatzeko eskaera eta prest izan zuenean egiteko esan genion».

Behin buzoi berria eskuartean izanda, Josebak berak eta Aubixako hezitzaileek jardun zuten Kalamuan zeuden buzoi zaharrak kentzen eta berria jartzen.

Amaiak onartzen du egindako lanak ez direla batere errazak izan, baina oso gustora geratu dira egindakoaren emaitzarekin.

Kalamuako tontorrean jarritako buzoi berrian ondorengo hitzak irakur daitezke: «Euskal girotze barnetegiak. Kalamua 770 metro. 2025eko maiatzaren 6a».

Buzoi berriak Aubixa bezalako baserri baten itxura dauka eta irrifar batekin egiten die harrera mendizaleei. Bertara ailegatzeko dauden azken aldapa gogorrak gainditu ostean, mendizale bat baino gehiago aurpegi txarrarekin ailegatzen da gailurrera. Eta horrelakoetan irrifar bat zain izateak ez dauka preziorik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Buzoi berri bat baino askoz gehiago Kalamuan

Buzoi berri bat baino askoz gehiago Kalamuan