Ekintza ugari Korrikaren inguruan

Beste behin, Korrika festa antolatu da. /  ZABALA
Beste behin, Korrika festa antolatu da. / ZABALA

Gaur arratsaldeko bostetatik aurrera Korrika Festa ospatuko das frontoian

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Korrikaren etorrerak herrian mugimendua eragin du eta hainbat dira Korrikaren inguruan antolatu diren ekintzak.

Gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera frontoian Korrikaren aldeko festa antolatu dute Ludoteka eta Gaztelekuak, herriko talde desberdin batzurekin elkarlanean. Hasiera batean festa Mendarozabalen egitea pentsatua zegoen, auzoei herri bizitza suspertu nahian, baina eguraldiak agintzen du eta euria esanda dagoelako, festa frontoian burutu beharko da.

Hainbat txoko prestatuko dira eta txoko bakoitzean ekintza desberdin bat landuko dute: euskararen aldeko txapak egingo dira, aurpegi margoketa, euskal leloen margoketa eta euskal pultserak. 6ak aldera, Kaleko antzerkia taldekoek dantza koreografia desberdinak aurkeztuko dituzte, herriko jendea beraiekin dantzan has dadin eta ondoren euskararen aldeko ibilbide festa egingo da, herriko trikitilari taldearekin eta Buruarinekin batera.

Gaurkoarekin, Korrika giroa berotu nahi da eta Korrikaren inguruan jendea inplikatzea, izan ere euskara denon artean zaindu behar den altxor bat delako.

Korrika ofiziala

Bihar goizeko 6:50ak aldera Debatik etorriko da 21. Korrika. Txatarrerixa parian, herriko lehen elkarteak testigua hartuko du eta piskana-piskana, herrirantz etorriko da. Azpilgoetan sartuko da eta 'pasarelatik' herriko enparantzara joango da eta handik Ikastola aldera, berriro errepide nazionala hartzeko.

Gaztetxea eta Udala izango dira testigua hartzen azkenak eta hauek Altzola inguruan egingo dute bat korrikarekin. Esan beharra dago, herriko elkarte guztiek hartu dutela parte Korrikan eta herriak ongi etorri beroa egingo diola euskararen aldeko lasterketa honi.

Korrika Txikia

Goizeko 11:00etan Ikastolako haurrak hartuko dute Korrikaren testigua eta Ikastolan hasi, Mendarozabalera joan, Intzarbakuitzatik Azpilgoetara, hemendik Herriko enparantzara eta estaziotik berriro Ikastolara ibilbidea burutuko dute Korrika Txikian.