Migel Gallastegiri omenaldi kolosala, Eibarko Astelenan

'Eibarko Kolosoa' deitzen zioten Gallastegiri/
'Eibarko Kolosoa' deitzen zioten Gallastegiri

Ekitaldiak antz handia izango du 1940eko eta 1950eko hamarkadetan izaten ziren pilota jaialdiekin: Juan Martinez de Irujo pilotari ohiak egingo du ohorezko sakea. Epaileak trajez jantzita egogo dira. Pilotariak, zuriz eta alkondaraz jantzita. Eguerdiko 12:00etan partida geratu eta Angelusa errezatuko da, orduan ohitura zen bezala

DVDonostia

«Gipuzkoak izan duen pilotaririk handienetakoa» delako, «kirolari mitiko bihurtzerainokoa», Migel Gallastegi zena omentzeko jardunaldia antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak, Gallastegitarren laguntzarekin. Omenaldia igandean izango da, maiatzaren 5ean, Eibarko Astelena frontoian, eta antz handia izango du 1940eko eta 1950eko hamarkadetan izaten ziren pilota jaialdiekin, aurreratu dutenez. Pilotari eibartarra urte hasieran hil zen, 100 urte zituela.

Ekitaldiaren aurkezpenean azaldu dutenez, Juan Martinez de Irujo pilotari ohiak egingo du ohorezko sakea, eta jarraian hiru biren kontrako pilota partida bat jokatuko da. Epaileak hiru izango dira eta trajez jantzita egogo dira; pilotariak, berriz, zuriz eta alkondaraz jantzita arituko dira. Eguerdiko 12:00etan partida geratu eta Angelusa errezatuko da, orduan ohitura zen bezala.

Parte hartuko duten pilotariak kartel batean azalduko dira; Gallastegi familiak gordeta zuen 1948ko kartel baten antzera egin dute jaialdiaren kartela. Gallastegiri buruzko bideo bat proiektatuko da, opari trukea egingo da, Xabier Euzkitzek bertso batzuk botako ditu eta Juan Martinez de Irujok ohorezko sakea egingo du.

Migel Gallastegi 1918ko otsailaren 25ean jaio zen. Eibartarra zen, Mandiola bailarakoa, Asoliartza baserrian jaioa. Pilotari gisa Eibar Kirol Klubak antolatutako torneoetan hasi zen, eta profesionaletan Astelenan debutatu zuen, 1936an, 18 urte zituela.

Atzelari indartsua zen eta 'Asoliartzako Herkules' edo 'Eibarko Kolosoa' deitzen zioten. Pilota kirol gisa ulertzeko modua eraldatu zuen, prestakuntza fisikoari garrantzi berezia ematen hasita. Bat biko partidak eta bi hiruko partidak jokatu ohi zituen, beti abantaila emanez. Buruz burukoan hiru aldiz jantzi zuen txapela, lehenbiziko aldiz Atano III.ari irabaziz eta hurrengoak 1950ean eta 1951n. Ia 50 frontoitan jokatu zuen bere ibilbide luzean, eta 1960an utzi zion jokatzeari, 42 urterekin.

Temas

Euskera