Carlos Gorria, matematikaria: «Osasun arloan datu asko dauzkate eta premia dute horiei etekina ateratzeko»

Topaketak. Carlos Gorria atzoko etenaldi batean, Markeskuako jauregian./
Topaketak. Carlos Gorria atzoko etenaldi batean, Markeskuako jauregian.

UEUk Matematikari euskaldunen II. Topaketak burutu zituen atzo Markeskua jauregian, bere udako ikastaroen baitan

FÉLIX MORQUECHO

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen 44. edizioa abian da eta aste honetan Eibarko Markeskuara ailegatu dira. Bertan elkartu dira hainbat matematikari eta topaketa honetako irakasleetako batekin hitz egin dugu. Carlos Gorria matematikan doktorea da, EHUko Matematika aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatibo sailan.

-Matematikari euskaldunen II. Topaketa. Lehen edizioa burutu eta gero, zentzua zuela ikusi zenuten.

-Bai, lehena orain dela bi urte izan zen. Gainera nahiko partaidetza ona egon da, eta antolatzaileei ez zaie gehiegi kostatu aurkezpen berriak aurkitzea. Horrek esan nahi du matematikarion osasuna ona dela, eta horregatik hemendik bi urtera edo beste bat antolatzea espero dugu.

-Nahiz eta beti dudatan egon matematikek zertarako balio duten, beti erantzun beharreko galdera!

-Bai, zalantzan gaude beti horretan. Baina zorionez, azken urte hauetan dibulgatzeko kanpainak egon dira. Badaude matematikariak horretan dihardutenak eta horri esker, bai matematikarion aldetik eta bai kanpoko erakunde edo enpresen aldetik, lehen baino konbentzituagoak daude matematikak badaukala eremua hezkuntzatik kanpo. Horregatik, gaur egun adibidez, enpresa batzuetatik gradu amaierako edo master amaierako lanak egiteko gaiak proposatzen dizkigute. Hori oso iturri ona da mundu akademikotik kanpo gai berriak bilatzeko.

-Topaketa honetara datorren jendea, zein esparrutatik dator? Hezkuntzatik edo besteetatik?

-Erdibana gutxi gorabehera. Erdia izango dira tesia egin dugunok edo tesia egiten ari direnak, eta beste erdia izango dira harremanak dauzkatenak kanpoko agenteekin. Gaur egun, osasun arloan datu asko dauzkate eta premia dute horiei etekina ateratzeko, bizitza kalitatea hobetzeko edo beraien zerbi-tzuak hobetzeko. Horregatik, osasun esparrutik gai dezente proposatzen dizkigute.

-Zein gaiak jorratzen dira matematikarien topaketa batean? Osasuna garrantzitsuenetakoa al da?

-Oso gai inportantea da, datu asko erabiltzen dira eta garbi dago, datu horiek matematikoki lantzen badira, erabakiak hartzeko balio dutela. Gero, industria aldetik, bankoetatik, ekonomiatik ere, badaude beste arlo batzuk lan iturri topatzen ditugunak.

-Euskarak zer nolako presentzia du matematikarien lanean?

-Orain dela urte batzuk baino gehiago. Gaur egun ikasleen bi herenak euskaraz ikasten dute EHUn. Duela urte batzuk, askoz jende gutxiago ateratzen zen euskara menpera-tzen zuena. Azken urte hauetan, askoz gehiago daude bere tituloa euskaraz ateratzen dutenak eta horietariko asko jartzen dira harremanetan mundu akademikoarekin. Horregatik, gaur egun, badago komunitate euskaldun bat non errazagoa den euskaraz egitea. Adibidez, orain dela hamabost urte zaila egiten zitzaidan taldean euskaraz komunikatzea. Gaur egun, bizpairu ikerketa taldeetan egin ditzazkegu elkarrizketak eta lan guztiak euskaraz.

-Iruditzen al zaizue kulturan edo humanitateetan azkarrago sartu dela euskara zientzietan baino?

-Hori egia da. Zientzietan, eta bere hiztegietan ere, eragin handia dauka ingelesak. Horregatik, inertziak eramaten gaitu ingela edo erdera erabiltzera. Euskaraz ere egiteko aukera dagoela finkatzea kostatu egin da. Humanitateko arloetan ez dituzte horrelako trabarik topatu.

-Nolako maila dugu Euskal Herrian matematika kontuetan?

-Zaila da neurtzea, matematiketan ingelesa hizkuntza unibertsala delako. Duela hamabost urte nik neuzkan ikasle askori hitz egitea kostatzen zitzaien, nahiz eta euskaraz ikasi, bere ingurugiroa erdalduna zelako. Ulertu bai, baina hitz egin ez. Gaur egun nire ikasle denek ondo egiten dute euskaraz. Horrek, gure ikerketa taldeetan euskaraz lan egin daitekeela eragiten du. Baina argitaratu, ingelesez argitaratzen da. Horregatik ez da erraza euskaraz zer nolako ikerkuntza egiten den kuantifikatzea. Baina, argi dago, aurrerakuntza ederra egon dela.

-Topaketa honen hitzaldien izenburuak ikusita, argi dago oso espezializatua dela.

-Bai. Azken finean estatistikak pisu handia du, baina estatistikak badauzka metodologia ezberdinak, baita aplikatzeko teknika oso bereziak ere. Horregatik, nahiko espezializatua dago. Hasiera batean dibulgazioari begira gehiago antolatuta zegoela pentsatzen nuen, baina ez. Izenburuak eta laburpenak ikusita, argi dago topaketa espezializatua dela.

-Eta eguna bukatzeko papiroflexia tailerra. Pixka bat frikiak omen zaretelako edo badu erlaziorik?

-Badauka erlazioa, bai. Xakea, papiroflexia eta beste joko ludiko ba-tzuk logika handia daukate matematikekin. Horregatik, ez dakit guk, nahi gabe, zaletasuna hartzen diegun gauza horiei edo matematika ikasi dugunok errazago hartzen diegun logika gauza horiei. Eroso sentitzen gara joko horiekin eta hori da bere arrazoia.

 

Fotos

Vídeos