Debako udal gobernuak Itziar interes elektoral gisa erabili nahi duela salatu du auzo udalak

Gaia «aparkatuta» izan ondoren, hauteskundeak hurbiltzen ari direnean, auzo udalaren ikamika berpiztea bidezkoa ez dela uste du

A.S. DEBA.

«Ia lau urteren ondoren ez da bidezkoa hauteskunde kanpaina hurbiltzen ari den honetan berriz ere Itziarko auzo udala tresna elektoral gisa erabiltzea, eta kalean jadanik baretua den ikamika berriro piztea». Horixe da Itziarko Auzo Udalak egin duen gogoeta, Debako udaletxean osatu berria den batzordeak ostiralean izandako bileraren ostean.

Adierazitakoaren arabera, auzo udalak ez du ulertzen ia lau urte eta gero, Debako udal gobernuak auzo udalaren inguruko proposamen berri bat orain «nola-hala eta presaka plazaratzea», baldin eta ez bada, hauteskundeak hurbil daudenez, «alderdi horiek azken hauteskundeetako kanpainan agindutakoa betetzeko zerbait egin dutela» erakusteko asmoa agerian uztea. «Gure iritziz, Debako herriak baditu arazo larriagoak orain Itziarko Auzo Udalarekin berriro nahasmena sortzea baino», diote.

Auzo udalak nabarmendu nahi du denbora honetan instituzio gisa babes sozial zabala jaso duela, eta gogora ekarri nahi ditu bere sorrerarako orain dela lau urte egindako galdeketan jasotako emaitzak, izan ere, bozkatzaileen %96k babestu zuen auzo udala, %72ko parte hartzeaz.

Adierazi du aspalditik eratutako zerbitzu eta barrutien gainean finkatu zela auzo udala, eta auzotarren egunerokotasunean hobekuntzak dakarzkiten zerbitzu eta eskudun-tza berriak ahalbideratu dituela. Hortik, deszentralizazio administratibo xume bat bezala definitu behar dela azpimarratu du. Ez duela lurraldetasun zatiketarik sortu, eta ez dela inondik ere nabari kalte ekonomikorik. Alderantziz, diru laguntza eta proiektu berriak lantzeko tresna baliagarria dela erakutsi du. Era berean, elkarbizitza sendotu eta dinamika sozial zein kulturalak sustatu ditu.

Hitz gutxitan, «orain arteko ibilbidean bere eraginkortasuna erakutsi du Itziarko auzo udalaren kudeaketak, eta Itziarrentzat bezala Debarentzat eredu bideragarria dela garbi geratu da. Debako Udalarekin zein inguruko udal eta erakundeekin ezarritako elkarlana sendotuz joan da pixkanaka, eta agerikoak diren onurak aztertu besterik ez dago. Zentzugabekeria da, epe motzeko interesak tarteko, bestelako maniobratan hastea orain».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos