Debabarreneko gazta desberdinen dastaketa bihar egingo da merkatu txikian

Beñat Egaña eta Maitane Arrinda semeekin. Garaiko produktuak erosi ahal izango dira bihar. /  GORRITIBEREA
Beñat Egaña eta Maitane Arrinda semeekin. Garaiko produktuak erosi ahal izango dira bihar. / GORRITIBEREA

12:00etan hasiko da eta ordu eta erdi iraungo du

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Hileko bigarren larunbatean egiten den Merkatu Txikia aurreratu egin dute oraingoan, batik bat Markina-Xemeinen Pilarika egunez ospatzen denarekin bat ez egiteko. Nola nahi Mutrikun bihar burutko den azokak badu borondaterik herrian lehen sektorean dabiltzanei bultzada emateko, eta bide batez kontsumitzaileei garaiko eta bertako produktuak eskaintzeko.

Merkatua goizeko 9:00etan irekiko da Beheko Plazan eta eguerdiko 14:00etan itxi, lehenago, ohi den bezala 13:30ak aldera, erosketaren bat egin duten guztien artean, 50 euroko balioa duen saskia zozketatuko da, baina erosle guztiak adi egon beharko dira deia jasotzeko unean, bestela hurrengoari deitzen bai zaio.

Postuekin parte hartuko dutenak hauek izango dira: Ibiri eta Ekoalboraz baserrietako produktuekin; Iratxe loradenda garaiko lora eta landareekin; Ondare barazki eta fruitu kontserbak, Goienetxe ardi gaztarekin eta baita Urretxuko eztigilea den Juanjo ere etorriko omen da. Guzti hauek osatzeko, Mutrikuko Institutuko eta Musika Eskolako ikaslek hainbat produktu jarriko dituzte salmentan kurtso amaierako bidaiarako dirua biltzeko, eta irailean zehar Zabiel kultur etxean hain erakusketa arrakastatsua burutu zuen Amaia Aberasturi artesauak ere postua jarriko du.

Ardi eta behi gazta

Nobedade garrantzitsuena ordea eguerdiko 12:00etatik aurrera helduko da, izan ere Debabarreneko gazta desberdinen dastaketa burutuko baita. Mutrikuko 'Goienetxe', Elgoibarko 'Mausitxa' eta Mallabiako 'Axeleku' gaztandegietan ekoiztutako produktuak probatu ahal izango dituzte azokara hurbildu eta erosketaren bat egiten dutenek. Probatuko direnak bi ardi gaztak izango dira eta bat behi gazta eta ekitaldia osatze aldera 'Sagarmiña' txakolina ere edan ahal izango da. Gogoratu dastaketak ordu eta erdi iraungo duela, argibideak euskaraz emango direla eta doako ekitaldia Mutrikuko Udala eta Debemen elkarteari esker antolatu ahal izan dela.

Saia Goiat, Ondarroan

Asteburu honetan Ondarroan ospatuko den 'Marabilli' jaialdia oso hurbil segitzen da Mutrikun, eta horren lekuko gaur, gaueko 24:00etan, Ondarroako Gaztetxean, Saia Goait taldeak eskainiko duen kontzertua. AME estudioan grabatu berria duten diskoa aurkeztuko dute saioan eta jarraitzaile faltarik ez dute izango. Gogoratu, azaroaren 7an, Azpeitian arituko direla Soziedad Alkoholika taldearekin batera eta abenduaren 7an berriz Durangoko Azokan arituko direla. Argazkian joan zen irailaren 13an Mutrikuko Beheko Plazan egin zuten aurkezpen arrakastatsua.