Debabarrena ere elkarlanean Euskaraldia prestatzen

Debabarreneko herriek eginiko aurkezpen ekimena.  /
Debabarreneko herriek eginiko aurkezpen ekimena.

Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku herriek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Debabarreneko 80 lagun batu ziren ekainaren 27an Debako Zubi Zaharrean 'Euskaraldia ekimena' elkarrekin egingo dutela azaltzeko. Izan ere, Debabarreneko herri guztietan Euskaraldia prestatzeko lanetan dihardute eta gaur asteazkena arratsaldeko 18:00etan udaletxean bilera egingo da.

Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku herriek dagoeneko eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko, Euskal Herri mailan 350 herri, auzo eta hiritan batera egingo den ariketa soziala gauzatzeko. Deba bailara oso-osoak parte hartuko du: Leintz-Gatzagan hasi eta Mutrikuraino.

Zortzi herrietako datuak bateratuta, Debabarrenean, ezagutzari dagokionez, %58,6 dira euskaldunak, %20,8 ia-euskaldunak, eta %20,5 erdaldunak. Orduan, 10etik 8k euskaraz ulertzen du eta 10etik 6k euskaraz aritzeko gaitasuna dauka. Euskaraldia ariketa praktikoa izango da, erabilera erdigunean jarriko duena, eta ingurua eta herritarrak prestatuta, hamaika egunetan euskararen erabilera handitzea eta esparru berrietara zabaltzea izango du helburu.

Errealitate desberdinak

Nahiz eta euren artean antz handirik ez izan, bailarako herriek baina praktika bera erabiliko dute eguneroko hizkuntza ohiturei astindua eman eta euskararen erabilerari bultzada emateko: ahobiziak eta belarriprestak aktibatu, prestatu eta hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, aproba eginda.

Hala, ahobiziek euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute (lanean, etxean, lagun artean...), baita ezezagunekin lehen hitza, gutxienez, ere; belarriprestek berriz, dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo diete, beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete, nahiz eta belarriprestek euskaraz edota erdaraz erantzun.

Herritar bakoitzak (16 urte beteta izatea eta euskara ulertzea dira bete beharreko bi baldintzak) erabakiko du nola parte hartu nahi duen ekimenean eta zein txapa jantziko duen; aldi berean, ekimena kolektiboa izango da eta Debabarrenean euskaraz bizitzeko aukera handia dagoela bistarazi eta sentitzeko aukera eskaini nahi dute Euskaraldia ekimenaren bitartez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos