Deba
Plaza zaharra kontzertu eta kultur ekintzaz beteko da uztaileko ostiraletan, 'Iturri Ondoan' ekimenarekinLehenengo hitzordua uztailaren 4an izango da: bertso saioa Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabalekin
A. URBIETA
DebA.
Viernes, 27 de junio 2025, 21:33
Herriko Plaza Zaharra kontzertuz eta kultur ekintzaz beteko da datorren hilabetean, Iturri Ondoan egitasmoari esker. Euskaratik eta euskaraz sortutako sormen artistikoa ardatz duen proiektua da Iturri Ondoan, udan zehar aire zabaleko kulturaz gozatzeko diseinatua eta aurten ere, ohiko moduan, uztaileko ostiral guztietan proposamen bat eskainiko du (uztailaren 24a, osteguna izan ezik).
«Iturri Ondoan ez da ekitaldi-programa hutsa: Debaren izaera euskalduna bizirik mantentzeko apustu sendoa da, artearen bidez hizkuntza-komunitatea indartuz. Hilabetean zehar, herritarrek euskaratik pentsatutako eta sortutako proposamen anitzez gozatzeko aukera izango dute, tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituztenak», azaldu du alkateak, Alazne Txurrukak.
2025eko programazioko lehenengo hitzordua datorren ostiralean izango da, uztailaren 4an, , 22:00etan hasita: bertso saioa, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin, Leire Vargas gai-jartzailearen gidaritzapean. Hitz inprobisatuaren bidez beste mundu posible batzuk irudikatzeko saioa, soinu eta diseinu eszeniko zainduarekin.
Uztailaren 11n antzerkiaren txanda izango da: 'Dada ü Lala', hau ere 22:00etan. Les Bobè Bobè taldearen eskutik. Antzerki fisikoa eta umore zentzugabea, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebarak antzeztua, Jason Guerraren zuzendaritzapean. Inkoherentzia garaiko eztanda artistikoa.
Uztailaren 18ak 'Begiradak' ekarriko dizkigu (22:00). Hamabi urteko sorkuntza komunitarioa, herritarren protagonismoarekin. Aurten, Deba eta Kanboren arteko senidetze-hitzarmenaren 25. urteurrena dela eta, Kanboko zazpi artistak parte hartuko dute, begirada eta adierazpide berriak eskainiz.
Azkeneko hitzordua, uztailaren 24an (22:00), Xiberootsen kontzertua izango da: reggae eta euskal musika tradizionalaren fusio paregabea. Xiberoots taldeak euskara, sustrai kulturalak eta lagunartean gozatzeko erritmo garaikideak uztartzen dituen proposamen musikala eskainiko du.
Debako Udalak herritarrak zein bisitariak Plaza Zaharrera bertaratzera gonbidatzen ditu, kultur gau hauez gozatzera. «Elkarrekin partekatzeko, loturak sortzeko eta garen hori sendotzeko aukera paregabea da: herri euskaldun, bizi eta euskararekin konprometitua», amaitu du alkateak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.