Deba
Ostiralean hasiko da Debako Antzerki Astea ekainaren 8ra arteBederatzi egunetan kale antzerkia, poesia eta musika errezitaldiak, haur eta helduentzako lanak, sormen tailerrak edota jarduera parte-hartzaileak izango dira
Jabi Leon
DEBA.
Martes, 27 de mayo 2025
Debako bizilagunek eta bisitariek Goaz antzerki taldeak antolatutako XXXVIII. Antzerki Astearekin gozatzeko aukera izango dute datorren ostiraletik ekainaren 8ra bitartean.
Bederatzi egunetan zehar, kale antzerkia, poesia eta musika errezitaldiak, umeentzako eta helduentzako lanak, sormen tailerrak edota jarduera parte-hartzaileak egongo dira herrian. Urtero legez, Antzerki Asteak Debako kale, plaza eta aretoak hartuko ditu; udalerria istorio eta ahotsez betez, eta herritarrei kulturaz gozatzera, partekatzera eta parte hartzera gonbidatuz.
Egitarau oparoa
Aurtengo Antzerki Asteak publiko guztientzat askotariko proposamenak eskainiko ditu. Besteak beste, Azpeitiko Kamikaz Kolektiboak 'Troia' kale antzerkia ekarriko du herrira, eta Lasarteko Formol Laborategiak poesia errezitaldia eta musika uztartzen dituen 'Heriotzak Eduardo du izena' emanaldia.
Era berean, Durangoko Karrika antzerki taldeak 'Hurrengo geltokia' antzezlana taularatuko du; Trapu Zaharra konpainia donostiarrak 'Azkena ta bagoaz!' ikuskizuna; eta Txalo-Talok 'Kutsidazu bidea Ixabel'.
Horrez gain, gazteen sorkuntzak ere bere lekua izango du Antzerki Asteko egitarauaren baitan: Gozatuz tailerreko ikasleek 'Kafe odoltsua' eta 'Hau bai bogabantea' lanak aurkeztuko dituzte; eta Aizarnako Herri Eskolak ikasleentzako muntaketa berezi bat eskainiko du.
Bestalde, ekainaren 7an eta 8an 'Gorputzak eta objektuak' tailerra izango da Mayi Martiarena Litagoren gidaritzapean, gorputzetik eta objektuetatik antzerki sormena esploratu nahi dutenentzat. Interesatuek izena eman dezakete dagoeneko ondorengo helbidera idatzita: goazantzerkitaldea@gmail.com.
Edonola ere, XXXVIII. Antzerki Asteko emanaldiei buruzko informazio gehiago nahi duenak (egunak, ordutegiak, lekuak, prezioak...) Interneteko labur.eus/ GoazAntzerkiAstea webgunea begira dezake.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.