EH Bilduk aurkeztu du bere zerrenda

EH Bilduko zerrendako kideak diputatuarekin batera eta Joseba Palenzuela bere argibideak ematen./
EH Bilduko zerrendako kideak diputatuarekin batera eta Joseba Palenzuela bere argibideak ematen.

«Injustizien aurka» lan egiteko konpromisoa hartu zuen Joseba Palenzuela alkategaiak

GORRITIBEREA MUTRIKU.

EH Bilduk hurrengo maiatzaren 26an ospatuko diren udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendaren aurkezpena jendetsua izan zen asteartean, Zabiel kultur etxeko aretoa nagusia erabat bete zelarik. Lehenik banan-banan deitu zitzaien zerrenda osatzen dutenei, ondoren, zerrenda horretarako hiru gazteenak hartu zuten hitza zerrendan aurkezteko unean izan dituzten zergatiak agertuz, eta ondoren Joseba Palenzuela alkategariaren txanda izan zen. Herritarrei oro har, koalizioko kideei eta baita etxekoei ere eskerrak eman zien lehenik pausoa emateko unean izan duten jarrerarengatik. Udala, «herri osoaren aldeko eginkizuna dela» aitortu zuen, langileak, gazteak, pentsiodunak, guztiengana iritsi behar dela, baina bereziki «injustizien aurka» lan egiteko konpromisoa hartu zuen. Mutriku «itsasoa, kalea eta baserriak» osatzen omen dute eta hor tentuz eta dagokion instituzio bakoitzari eskariak luzatuz arituko omen da. Diputazioari, Jaurlaritzari edo eta Madrilgo Gobernuari. Mutrikuk duen ahalmena izendatzerakoan, honako adibidea jarri zuen; alegia, pasatu berria den Korrikan zazpi kilometro egiteko 45 eragile izateak, «zerbait erakusten du dagoen herri dinamikari buruz, eta horri bidea eman behar omen zaio». Marian Beitialarrangoitia diputatua eta Gipuzkoako Batzar Orokorretarako hautagai denak, «erabakikorrak» izango direla Madrilen aitatu zuen, Esquerra Republicana de Catalunya-koekin duten akordioa indarrean jarriaz.