Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Udalak

Larrosa ederrik ere ikus daiteke herrian buelta bat emanez gero./
Larrosa ederrik ere ikus daiteke herrian buelta bat emanez gero.

Parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan eman behar dute izena

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Udaberrian buru-belarri sartuta gauden honetan, Mutrikuko Udalak 'balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketan' parte hartzeko gonbitea luzatu die herritarrei. Helburua aski ezaguna da; herritarren partaidetzari esker, herriaren ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei zein loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea. Ekimenak badu beste hari mutur bat ere, herritarren artean landarak zaintzeko ohitura zabaltzea.

Sariak ere garrantzitsuak dira, eskualde mailan 250 euroko bonoa banatuko baita eta herri mailan berriz lehen saria 200 euroko bonoa izango da eta bigarrena 150 eurokoa. Bono guztiak 'Bertan' dendari eta ostalarien elkarteko negozioetan trukatu ahal izango dira. Izena emateko epea maiatzaren 20tik ekainaren 14ra bitartean izango da Turismo Bulegoan.

Maiatzaren 24an, larunbatez, Furgobaratza bat egongo da Txurruka plazan goizeko 10:00etatik 13:00ak arte eta inprimakia beteta eramaten duten guztiek lora landare bat doan izango dute.

Inprimakia ere Turismo Bulegoan eskura daiteke eta bertan izena eta abizena, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa dira itsatsi beharrezkoak. Herritarrak batere inplikatzen badira, lehiaketa interesgarria gerta daiteke, eta horixe da hain zuzen bilatzen dena, ahalik eta jende gehienek parte hartzea.