Lea Artibaiko amankomunazgoa adikzioak lantzen aritu da nerabeekin ikasturtean zehar

'Porro' bat egiten. /  EPA
'Porro' bat egiten. / EPA

«Programaren oinarria prebentzioan datza, lan izugarria dago informazio egiatia ematen», dio lehendakariak

A.E. ONDARROA.

Lea Artibaiko Amankomunazgoko gizarte zerbitzuen atal garrantzitsu bat adikzioei eta honi lotutako arazoei aurre egitera bideratzen da batez ere nerabe eta gazteengan. Nerabeei lotutako adikzioen lanketak izugarrizko garrantzia hartu du azken urteetan eta ikasturte osoan zehar aurrera eramaten da programa.

Aurten eta aurreko ikasturteetan ere, arrakastatsua izaten ari da, izan ere amankomunazgoko ikastetxe guztiek parte hartzen dute programan, beraz, eskualdeko gazte guztietara iristen da. Rakel Elu Bengoetxea lehendakariak azaldu duenez «programaren oinarria prebentzioan datza. Lan izugarria baitago eremu horretan egiteko, batez ere, informazio egiatia ematen. Baina tamalez, badira jada adikzio arazo handiagoak dituzten gazteak eta esku hartzeko baliabideak ere garatu ditugu».

Iaz, eskola mailan, 12tik 18 urte bitarteko nerabe eta gazteekin, prebentzio tailerrak 1.179 ikasleei zuzendu zitzaizkien: 2018 urtarrila ekaina: 648 ikasle (299 neska, 349 mutil); 2018 urria abendua: 531 ikasle (261 neska, 270 mutil). Proiektu honen helburu orokorra adikzioen inguruko erabilera ezegokiak edo gehiegizkoak, adikzioak erabiltzera bultzatzen duten faktoreak eta horren guztiaren ondorio kaltegarriak saihestea edo gutxitzea eta aldi berean babes faktoreak bultzatzea da.

Bestetik arrisku egoeran dauden adin txikikoei edo ikas zentroetatik kanporatu diren ikasleekin ere esku-hartzea izango da, bertan hausnarketarako beharrezkoa duten espazio baldintzak erraztea izango delarik helburua. Horretarako, ezinbestekoa izan da ikas zentroen sentsibilizazioa eta era berean guztien inplikazioa, lankidetzan jarduteko.

Amankomunazgoaren ustez oso jarrera positiboa izan da ikastetxeen aldetik.