Akordeoilariak eta Madalen eta Madalen Txiki abesbatzak gaur gauean

Txurruka plazako kontzertuek giro berezi bat sortzen dute. /  GORRITIBEREA
Txurruka plazako kontzertuek giro berezi bat sortzen dute. / GORRITIBEREA

Gaueko hamaiketan hasiko den XXIX. jaialdian denak mutrikuarrak izango dira

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Eguna ekimenez beteta dator gaurkoan ere, baina gaueko lehen iluntasunekin batera musika izango da nagusi, izan ere larunbatero ospatzen diren jaialdian barruan, gaur, Debabarreneko Akordeoi eta Madalen eta Madalen-Txiki Abesbatzen txanda izango baita. 29. Jaialdia izango da gaueko 23.00etatik aurrera ospatuko dena Txurruka plazan, baina aurtengoak badu berezitasunik; parte hartuko duten guztiak mutrikuarrak izango bai dira.

G. Hummel-ek moldatutako 'Russland-tour' piezarekin ekingo diote, ondoren Fritz Marx-en 'A la bamba olé' tangoa eskainiko dute, jarraian The Village People-ren 'Y.M.C.A.' joango da, segidan Julia Iriondok moldatutako 'Gogoaren baitan', ondoren Coldplay-ren 'Viva la vida', 'David Giardiniere-n 'Chili caliente', Juantxo Zeberiok moldatutako 'Ilargia' eta azkenik Iñaki Urkizuk egin eta Juliak moldatutako 'Dantzaldia' eskainiko dute.

Eszenatokian arituko direnak, berriz, honako hauek izango dira: Akordeoi Orkestrakoak zortzi kide, Madalen abesbatzekoek hamar, Madalen-Txiki abesbatzekoak hamazazpi, perkusioan Ion Lekube, Roberto Vergara eta Itziar Rodriguez, gitarran Juan Arriola, txistuan Ainhize Azpiazu, akordeoian Maite Mugartegi eta guztien zuzendaria Julia Iriondo.