'Aker beltz' erraldoia, plazan lehenengoz

'Aker beltz' erraldoia lehenego aldiz plazaratu zen igandeko akelarrean. / A. ZABALA
'Aker beltz' erraldoia lehenego aldiz plazaratu zen igandeko akelarrean. / A. ZABALA

AMAGOIA ZABALAMENDARO.

San Juan suaren inguran , Gazteleku eta Ludoteka udal zerbitzuek Akelarre saioa prestatu zuten herriko hainbat eskola, elkarte eta herritarrekin batera. Gaueko hamarretan Trinitate parketik su eta danbor doinuen erritmora herriko enparantzara jeitsi ziren saioko kideak.

Orain arte antolatu den Akelarrerik jendetsuena izan zen, bai parte hartze kopuruari erreparatuz bai plazan elkartu zen jendetzari ere. Euskal dantza eskolakoek eman zioten jaialdiari hasiera, Agurrarekin . Ondoren Gaztelekuko gazteak eta ludotekako haurren dantzak ikusteko aukera izan zen eta lehen zatia bukatzeko jauziak eta buruarinen dantzak izan ziren. Sua pizte unean txalapartaren erritmo biziek gaua magiaz bete zuten eta ondoren Gaizka Uranga eta Miguel Beraza Elgoibartar dantzari gazteek suari aurreskua eskaini zioten. Danbor hotsek hartu zuten testigua, gazte asanbladako lau gazte eta ludotekako gurasoekin.

Momenturik hunkigarriena

Bukaera aldera, Ameikutz musika eskolako 15 haurrek 'Sua amaitzean' abestia eskaini zuten eta saioari bukaera emateko, antolatzaileek ondo gordeta zuten sorpresa aurkeztu zuten: Udalak erosi berria zuen 'Aker beltz' erraldoia herrikoak diren beste bi erraldoiekin batera plazara atera zen suaren inguruan dantza egitera. Askorentzat, saioaren momenturik hunkigarriena izan zen, izan ere lehen aldia izan da herriko erraldoiek Akelarrean parte hartu eta dantzatu zutela.

Aurtengo Akelarrea oso gustokoa izan da eta antolatzaileak oso pozik daude azken hilabeteetan eginiko lanak emaitza oso polita eman zuelako. Akelarrea geroz eta herrikoiagoa da eta indarra hartzen ari den ekintza.

Aurten, 100 pertsona inguruk hartu dute parte eta gehienak errepikatzeko gogoz geratu ziren . Antolatzaileak hasi dira datorren urteko Akelarreari begira, berriro ere lan bateratua eta berritzailea izan dadin, izan ere aurtengoak maila altua erakutsi du eta horrelako ekitaldi bat antolatzeko herriko jendearen parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoa da.

Temas

Jaiak