Abesbatzak datorren asteko kontzertua «itzela» izango dela dio

Abesbatzak eskainiko duen kontzertuaren aurkezpena. /  N.I.
Abesbatzak eskainiko duen kontzertuaren aurkezpena. / N.I.

NEREA ISASTISORALUZE.

Ezoziko Ama Abesbatzak atzo aurkeztu zuen datorren larunbateko Pop rock arrakastak izeneko kontzertua eta proiektu indartsua dela esan zuten. Aurkezpenean, abesbatzako presidentea den Abel Olaizola, Eider Varela sopranoa eta zuzendaria den Aitor Garitano izan ziren.

Kontzertua, ekainak 29an izango da, 13:00etan. Aire libreko kontzertua izango da, Plaza Zaharrean, doan. Eserlekuak egongo dira publikoarentzat.

Azken gabonetako Zarzuela kontzertua eskeini ondoren, beste proiektu berritzaile batetan pentsatzen hasi ziren eta emaitza, datorren larunbateko kontzertua da, Pop rock arrakastak.

«Batzuetan, jendeak abesbatza musika konkretu batekin identifikatzen du, baina ez da horrela, zeren Ezoziko Ama Abesbatzaren errepertorioa oso zabala da, denetik egiten dugu», adierazi zuen Olaizolak.

Larunbateko kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian, besteak beste, Ken Zazpi taldearen 'Itsasoa gara' eta 'Haizea', Michael Jacksonen 'Heal the world' edota Queen taldearen 'Bohemian Rhapsody' abestiak entzuteko aukera egongo da. Bigarren zatian, berriz, Paul Barker-en 'RoQuiem', rock musika duen hileta meza latinez; beste hitz batzuetan esanda, requiem bat baina rock erara.

Bakarlaria, Eider Varela izango da; pianojolea, Anabel Henao; gitarra elektrikoa, Luis Gude; baxua, Nagore Sanz eta bateria, Aitor Aranburu. Azkenik, zuzendaritza lanetan, Aitor Garitano ibiliko da.

Ibilbidea

Garitano, Ezoziko Ama Abesbatzako zuzendaria izateaz gain, beste hainbat abesbatzetako zuzendaria da; Bergarako Orfeoi Gaztea, Bergarako Sutargi Abesbatza eta Oñatiko Ganbara Kantu Eskolako hasiberri eta txikitxoena. Baita beste abesbatza askotako kide ere.

Ezoziko Ama Abesbatza 1992an sortu zen Soraluzen, Soraluze Abesbatza izenpean. Gaur egun duen izena, 1996an hartu zuen. 1995etik 1999ra, Nagore Sanz izan zen zuzendaria eta urte horretan Silvia Hernándezek hartu zuen erreleboa. Eta 2018az geroztik, Aitor Garitano da zuzendaria.

Ezoziko Ama Abesbatzak Euskal Herrian, Estatuan eta atzerrian eskeini ditu kontzertuak; 2004an Parisen, 2010ean Munichen, 2012an Portugalen...

Abesbatzako kideek, Soraluzeko Udalari eta Soraluce Kooperatibari eskerrak ematen dizkiete beraien laguntzagatik eta jendea gonbidatzen dute datorren larunbateko kontzertura. «Zeharo desberdina izango da, itzela», diote. Eta kontzertua entzun ondoren, norbaitek abesbatzako partaide izatea erabakitzen badu, jakin dezala ateak zabalik dituela.