San Nikolas Egun handia
Gaurkoan, besteak beste, meza nagusia, dantzari txikien txapelketa, soka dantza, bertso saioa edo Hesian taldearen kontzertua egongo dira
PPLL
Domingo, 6 de diciembre 2015, 00:18
Egun handia gaur Orion, abenduak 6, San Nikolas eguna eta gainera igandea. Festei atzo iluntzean eman zitzaien hasiera, eta gaupaseroak gaur goizeko 06:00tan elkartzekoak ziren, Oa kaleko eskaileretan argazkia ateratzeko. Eguneko egitaraua goizeko 10:30tan zabalduko da kultur etxean egingo den musika tresnen tailerrarekin. Ondoren, 11:00tan meza nagusia Bariko elizan, Salatxo abesbatzak kantatua. Eguerdiko 12:00tan, dantzari txikien txapelketa egingo da herriko plazan, Harribil-ek antolatuta. Aldi berean, Salatxo kalez-kale ibiliko da eguerdi partean Igor Arroyoren zuzendaritzapean.
Arratsaldean berriz, 17:00etan, frontenis txapelketaren finala hasiko da frontoian. Segidan, 18:00etan, Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin batera kalejiran arituko dira herriko bandaren konpainian. Arratsaldeko 19:15etan, soka dantza herriko plazan.
Gaueko egitaraua bertso saioarekin zabalduko da. 22:30etik aurrera Karela kiroldegian, punta-puntako bertsolariak entzuteko aukera: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Xabier Sukia, gai-jartzaile lanetan Unai Manterola apaiza izango dutelarik. Gauerdian, Hesian musika taldearen kontzertua hasiko da plazan. Gaurko kontzertuarekin Etxarri Aranaz-ko taldeak 'Hegalak astinduz' bira amaitzen du. Beraz, dudarik gabe, kontzertu berezia bai taldearentzat eta beren jarraitzaileentzat. Hesiak taldea eta gero, 02:00etatik aurrerako giroa Iker Gurrutxaga, dj-ak luzatuko du.
Bihar, San Nikolas bigarrena
Bihar, astelehena, San Nikolas bigarrena, goizeko 10:00etan, xakea izango da kultur etxean. Goizeko 10:30ean, jubilatuei hamaiketakoa eskainiko zaie Zaharren Babeslekuan; 11:00etatik aurrera, umeentzako puzgarriak jarriko dira frontoian eta otxotea kalez-kale arituko da kantari.
Eguerdiko 12:00etan, Joseba Ostolazaren harri eskolako harrijasotzaileen erakustaldia izango da plazan. Arratsaldean berriz, 3x3 txapelketa haurrentzat Karelan eta dardo txapelketa herrikoia 12-16 urte bitarteko gazteentzat Estropalari kalean eta 19:30etik aurrera 16 urtetik gorakoentzat. Egunekoa, Tximeleta musika taldearen erromeriak itxiko du.
Beraz, aprobetxa eta disfrutatu festetan, aurtengoan gainera badirudi eguraldi onarekin.