«Egunero erabili beharko genuke musika Haur Hezkuntzako gelan»

Eibarren. Ana Urrutia Markeskuan burutzen ari den ikastaroko etenaldi batean./
Eibarren. Ana Urrutia Markeskuan burutzen ari den ikastaroko etenaldi batean.

UEUko udako ikastaroak atzo hasi ziren Eibarren, tartean Haur Hezkuntzan musika nola erabili erakusten duena

FÉLIX MORQUECHOEIBAR

Eguzkia atera zen eta aurtengo ikasleei harrera beroa eman zien. Markeskua jauregia udako ikastaroetako lehen astean murgilduta dago jada. Egun hauetan hainbat gai aztertuko ditu Udako Euskal Unibertsitateak, eta bere ikasleak euren formakuntza hobetzeko asmoz iritsiko dira. Haietako batzuk irakasleak dira, haur txikiekin egiten dute lan eta Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan ikastaroan parte hartzera etorri dira. Irakasleak haren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Pentsatzekoa da ikastaroa oso praktikoa izango dela.

Bai. Ikastaroaren ardatza musika eta haren erabilera Haur Hezkun-tzan dira. Jarduera desberdinak egiten ari gara, baliabide desberdinak erabiliz azaldu nahi dugu nola erabili ahal dugun musika Haur Hezkuntzan haurraren entzumena, sormena eta adierazpena garatzeko.

Baten batek pentsa dezake lauzpabost urteko gela batean sartu eta musika jartzea, deskontrola izango dela.

Ez da horrela. Gainera musikaren erabilera ez da musika jartzea bakarrik. Musika erabiltzea da baita ere soinuak, isiluneak, onomatopeiak, ahotsa, gorputz perkusioa, tresnak... eta musika lanak egitea noski. Musika lanak izan daitezke abestiak zein musika lan instrumentalak, baina musika lanak ez dira musika egiteko erabili behar ditugun gauza bakarrak lau edo bost urteko umeen gela batean.

Isiluneak ere aipatu dituzu.

Bai, oso garrantsitzua da soinuak eta isiluneak erabiltzea. Badauzkagu errekurtsoak horretarako ere.

Hain ume txikietan eguneroko gauza izan behar du musikak?

Nik uste dut baietz, inportantea dela. Egunero erabili beharko genuke musika Haur Hezkuntzako gelan, egunero egin behar genuke zer edo zer. Gainera, musikak eragin handia du bakoitzaren barruko munduan, barruko mundua adierazteko baliagarria da eta nire ustez hori oso garrantzitsua da. Eta, gainera, sormena eta entzumena lantzeko balio du noski. Adibidez, gela batean sartzean gertatu daiteke umeren bat negar egiten egotea amarekin egon nahi duelako eta musika erabiltzen badugu, edo aipatu ditugun baiabideak erabiliz, lortu ahal dugu giro hori guztiz desberdina bihur-tzea eta giro alai bat sortzea.

Gelari buruz hitz egiten dugunean taldeaz ari gara, baina talde bakoitzean oso jarrera desberdinak aurkituko ditugu, ezta?

Bai, jakina. Horrelako jarduerak egitean andereñoak edo maisuak hori ikusteko aukera edukiko du. Ikusiko du nor den protagonista, nor den lotsatiagoa, ezkertia, eskumatia, gehien mugitzeko nahia duena edo alderantziz.

Zer nolako garrantzia ematen diozu musikari adin hauetan?

Esan dudan bezala, oso inportantea dela uste dut, batetik barruko mundua adierazteko aukera delako. Ez dira bakarrik 4-5 urteko umeak, Haur Hezkuntza da 0 urtetik 6 urtera arte baita, bi ziklotan banatuta. Nahiz eta ume batzuk oraindik ez dakiten ia hitz egiten, musika erabiliz, tresnak erabiliz, mugimendua erabiliz edo ahotsa haiek dakiten moduan erabiliz, barruko mundua adierazi ahal dute. Horretaz aparte mugimendua eta entzumena garatu ahal dute. Eta giro afektibo bat lortu ahal dugu horrelako jarduerak egiten. Kurrikulumean agertzen diren eremu horietan, komunikazioan beti sartzen dute musika eta egia da komunikatzeko baliabidea dela, baina horretaz aparte Haur Hezkun-tzan dago sartuta norberaren ezaguera eta ingurunearen ezaguera. Hori oso garrantzitsua da eta nik uste dut musika erabiltzean haurrak norberaren ezaguera landuko duela, eta ingurunearen ezaguera ere bai, besteekin erlazionatzeko aukera izango duelako dantzak egitean, abestean, eta abar.

Badago jendea umeak txikitatik musika taldeetara ematen dituena. Ez al da nahikoa eskolan, taldean egiten den lana?

Zaila da esatea. Haur Hezkuntzan musika egunero erabiliko bagenu nik uste dut nahikoa izango litekeela. Beste gauza bat da umeak musika tresna bat jo nahi badu edo horrelako grina berezia badu.

Irakasleen artean, ba al dago interesa horrelako teknikak umeekin erabiltzeko?

Suposatzen dut denetarik egongo dela. Hona jendea etorri da ikastaro hau egitera, gogotsu, bestetan tokatu zait beste ikastaroetara joatea eta denetarik dagoela uste dut. Batzuk badugu interesa eta konpromisoa, eta pentsatzen dugu musika oso inportantea dela. Beste batzuk, hain garrantzitsua ez dela pentsatuko dute.

 

Fotos

Vídeos