Txaranga bezala hasi zen bandaren 150 urte

Zumarragako Musika Bandaren historiako lehen berriak txaranga moduan aritzen zenekoak (19. mendearen 60. hamarkadakoak) diren arren, Zumarragako Udalak sustatutako eta babestutako talde bezala 1880 urteko uztailean eratu zen. Taldearen lehen zuzendaria Don Juan Leturia izendatu zuten eta herriaren onespena eta mirespena denbora gutxian lortu zuen, besteak beste, udako jaiegunetako arratsaldeetan dantzaldiak eskeintzeagatik. Honen ondoren, 1883 urtean Demetrio Mugica bilakatuko zen bandaren zuzendari 3 urte eskasetarako, honek, Martín Elola zuzendariari kargua eman ziolarik.

1896 urtetik aurrera Zumarragako Musika Banda Gipuzkoatik kanpo bidaiatzen hasi zen, Bilboko Musika Lehiaketara adibidez eta bidai horien adibide dira urte horietan lortu zituen estandartean ikus daitezkeen txanpon eta erramu koroia. Esan beharra dago, garai horretan Zumarragak 2.000 biztanle inguru zituela eta hauentzat ohore bat zela tamaina horretako banda batek herria ordezkatzea. 1908 urtean zuzendaritza Fermín Azpiazuren eskuetan geratu zen eta krisi urte latzak igaro ondoren 1922 urtean Severo Paternainek hartu zuen taldearen zuzendari kargua 36ko gerra bitartean, urte horretan, zoritxarrez, herriko udal ordezkariek banda desegin zuten baina badirudi 1937ra bitartean elkarteak modu informal batean jarraitu zuela.

Behin gerra bukatuta, 1939 urtean, berriz ere banda martxan jartzea erabaki eta 1987 urterarte zuzendari izango zuen Jesús Gonzalez Bastida izendatu zuten. Urte honetan, dela gutxi arte gure zuzendari izan den Lander Zurdok hartu zuen udalak esleitutako bandako zuzendari eta kultur dinamizatzaile lana. Gaur egun, 2013. urtetik, Luis Orduña da taldearen zuzendaria.

 

Fotos

Vídeos