Olentzero eta Mari Domingi, ekintza herrikoia Gabon-gauean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMARRAGA.

Urretxu eta Zumarragako hainbat kultur eragilek Neguko solstizioa, Olentzero eta Mari Domingi ekintza herrikoia antolatu dute Gabon-gauerako. Arratsaldeko 18.00etan iritsiko dira gaueko protagonistak Eitzara eta 19.00ak bitartean egongo dira auzoan. Haien inguruan txokolate beroa hartu eta eskutitza emateko aukera egongo da. Bien bitartean, Kalebarren-Areizaga plazan, neguko solstizioari ongi etorria emateko prest egongo da dena. Sua piztuko da 19.30ean, istorio, kanta eta dantza artean.

Kultura ondarea berreskuratzea izan dute antolatzaileek helburu. Ideia Urretxu eta Zumarragako Lepaka guraso taldean sortu zen. Lepakak, herrigintzan diharduten beste hainbat taldek bezala, Gabon-gauean Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak ardatz izango dituen ekintza baten falta somatzen zuen herrian.

Asmoa kultur eragileei helarazi eta Eitzako Jai Batzordeak, Lekaio Kultur Elkarteak eta Gazte Asanbladak heldu diote Lepakarekin batera ekintza herrikoi hau antolatzeko erronkari. Eskurik-esku eta beste talde batzuekin elkarlanean prestatu dute eta parte hartzeko deia egiten zaie herritarrei. Aurrera begira ekintza herrikoi honen ezaugarriak ongi definitzeko hausnarketa prozesua hasiko den arren, garrantzia eman zaio hasteari. Lehen urratsa izango da aurtengoa.