«Lasterketa nagusi eta motzekoen artean jende dezente bilduko gara»

UZTrail mendi lasterketa. Iazko edizioko partaideak Beloki mendira abiatzen. /  IÑAKI
UZTrail mendi lasterketa. Iazko edizioko partaideak Beloki mendira abiatzen. / IÑAKI

Igandean UZTrail mendi lasterketa egingo da Urretxu eta Zumarragan | Aurtengo edizioan ere mendi lasterketa Goierri Koparako puntuagarria izango da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Datorren igandean, otsailak 24, goizeko 9:45etatik aurrera UZTrail lasterketa egingo da Urretxu eta Zumarragan. Aurtengo edizioan ere, mendi lasterketen Goierri Koparako puntuagarria izango da dagoeneko bere lekua aurkitu duen mendi lasterketa. «Gogora dezagun 2008an ospatu zela lasterketa honen lehenengo edizioa (orduan Goierri Garaia mendi lasterketa izenez ezaguna), eta ordutik etenik gabe ospatu dela urtero, urteko sasoi ezberdinetan antolatu izan den arren, dela udaberrian, udazkenean zein neguan. Aurtengoa, beraz, 12. edizioa izango da», diote antolatzaileek, Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideak. Izen-ematea duela aste batzuk zabaldu zuten eta «benetan erantzun ona izan du, aurreko edizioetan baino dezente hobea. 300 partehartzaileko muga jarri genuen eta erraz gaindituko dugula dirudi. Lasterketa nagusia eta lasterketa motzekoak kontuan harturik, jende dexente bilduko gara azkenean», esaten dute.

Igandeko probak «aurreko urteetako ibilbide berbera» izango du, eta «bere ohiko gogortasuna, nola ez»: 22 km eta 1600 metroko igoera izango du guztira. Lasterketa nagusiaz gain, lasterketa motz bat ere egongo da, distantzia eta gorabehera aldetik zailtasun eta gogortasun erdia izango duena. Lasterketa nagusia Zumarraga eta Urretxutik igaroko bada, lasterketa motza Zumarragatik bakarrik igaroko da, Beloki eta Izazpitik, hain juxtu.

Lasterketa nagusiak, ohi bezala, Beloki, Izazpi eta Irimoko gailurrak joko ditu, «ibilbide eder bezain ikusgarri batean». Zumarraga eta Urretxuko mendi eta txokorik ederrenak zeharkatuko ditu, Antigua eta Santa Barbara tartean, eta Areizaga-Kalebarren plazan izango du hasera eta bukaera, baita tarteko helmuga ere.

Zazpi proba

Esan bezala, aurtengo UZTrail mendi lasterketa IV. Goierri kopa trail sariketarako proba puntuagarria izango da. Goierri kopak zazpi lasterketa izango ditu aurten, eta igandekoa bigarrena izango da. «Garingo lasterketak ireki zuen kopa urtarrilean, eta datozen hilabeteetan proba bat egongo da hilabete bakoitzean. Horrela, otsaileko UZTrail probaren ondotik, Arriarangoa etorriko da martxoan, Gabiriako Leharrei apirilean, Segura-Zerain lasterketa maiatzean eta Zaldibiako mendi lasterketa ekainean. Azkenik, Idiazabalgo Axari trail probak itxiko du kopa irailean».

Lasterketa irabazteko faboritoak aipatzen hasita, Goierri Kopan lehiatzen ari diren lasterkariak kontuan hartu beharko dira, zalantza izpirik gabe. Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideek Urretxu-Zumarragako zale guztiei dei egiten diete UZTrail lasterketan parte hartuko duten mendi lasterkari guztiak animatzeko, Beloki, Izazpi, Irimo eta gainerako igarobide estrategiko guztiak beteaz. «Eguraldi aparta egingo duela diote iragarpenek, udaberriko giro eguzkitsu eta epela, eta beraz aitzakiarik ez dago mendira joan eta lasterkarien ikuskizunaz gozatzeko». Zita, esan bezala, datorren igandean, goizeko 9:45etatik aurrera.