Euskaraldiko talde motorrak balorazio «positiboa» egin du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMARRAGA.

Zumarraga-Urre-txuko Euskaraldiko talde motorrak balorazio «positiboa» egin du ariketa sozial honi buruz. «Bukatu zen Euskaraldia, esperientzia bizia bezain aberasgarria, askotarikoa eta aldaketak ekarri dizkiguna, eta egindakoaren balorazioa egiteko, Zumarragako eta Urretxuko hainbat lagun elkartu ginen Zelai Arizti kultur etxean», diote.

Hasteko, Euskaraldiaren datu ba-tzuk eman zituzten. Horrela, jakin genuen guztira 2.416 lagunek eman zutela izena, honela banatuta: 1.561 ahobizi (% 64, 6) eta 855 belarriprest (% 35,4); generoari dagokionez, hauxe banaketa: emakumezkoak % 63, gizonezkoak % 36 eta ez-binarioak % 1. «Gainera, egun hauetan kale-neurketa ere egin genuen herriotan, eta berri onak izan ditugu: Euskaraldian, euskararen erabilera igo egin zen, nabarmen: neurtutako hiru elkarrizketetatik bat euskaraz izan zen (% 32), hau da, 2017an neurtutakoa (% 22,3) baino hamar puntu handiagoa izan zen».

Euskaraldia amaitu ondoren, berriz ere egin zen neurketa eta «ehunekoa zertxobait jaitsi bazen ere (%29,5era), oraindik ere goian jarraitzen du. Azken 20 urteotan euskararen erabileran apenas egin zen gora bi puntu, eta hamaika egunetan aurrerapauso handia eman dugu. Beraz, zorionak eta animo euskaraz egiteko erabakia hartu dugun guztioi!».

Horren ondoren, Euskaraldian bizi izandako esperientziak konpartitu zituzten. «Sentimenduz eta emozioz betea izan da, eta gehien azpimarratu dira honelakoak: pozik, gustura, eroso, sorpresa, ilusioa... Esperientzia positiboak ere ugari: lagunekin edo kuadrillan, lantegian, okindegian, harategian, tabernan, abesbatzaren entseguan... Oso pozik gaude, batez ere euskaraz egiteko aukera berriak sortu direlako. Orain eustea tokatzen zaigu», esan zuten.

Batzar honekin amaitu zuten Euskaraldia. «Duela hilabete batzuk abiatu genuen bidea, eta iritsi gara amaierara. Talde Motorraren izenean, eskerrik asko Euskaraldian bidaide, lagun eta eragile izan zareten guztioi. Jarraitu euskaraz egiten eta eragiten, eta laster arte agurtuko gara», zioten.