Aniztasunaren txokoak Zelai Arizti parkean

Aurtengo Kilometroak jaiak Zubiak batuz du lelotzat, eta gure komunitatea osatzen duten pertsona eta lagunekin zubiak batzen saiatu gara. Gizarte anitza garen heinean, gure ikastolan ere bada aniztasunik: kulturan, hizkuntzan edo jatorrian. Hori dela eta, Zelai Ariztiko azpigunea (Zumarragako plaza) aniztasun horren erakusleiho eta topaleku izango da. Ikastolako komunitatea osatzen duten hainbat familiak eta gure herrian bizi diren beste batzuk euren jaioterrietako ohiturak, kultura eta jakiak erakutsiko dituzte. Pakistan, Maroko, Nikaragua, Ginea eta Senegalgo ordezkariak izango dira. Arratsaldean kriket erakustaldia izango da Lizeoan. Elbarritasunen bat duten lagunak ere aniztasunaren erakusgarri dira, euren zailtasunen gainetik, egokitzeko gaitasuna baitute. Aspace elkartearekin elkarlanean, saskigintza tailerra izango da goizean Ikastolan, eta, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren eskutik, erakustaldi bat arratsaldean Lizeoan. Urritasun fisikoren bat, ikusmen urritasuna, garun paralisia eta adimen urritasuna duten lagunek hainbat kirol egingo dituzte. Haiekin batera aritzeko aukera ere izango da.

 

Fotos

Vídeos