Urriarekin dator piperrak biltzen hasteko garaia

Piperrak biltzeko garaia iritsi da. / IGARTUBEITI
Piperrak biltzeko garaia iritsi da. / IGARTUBEITI

Sagarra izango da hilabete honetako protagonista nagusia

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Udazkenean sartuta eta urria hasi berri, baratzeako uzta, fruituak eta landareak zein momentutan dauden ezagutzeko aukera eskaintzen digute berriro ere Igartubeititik, honekin batera, baratzea zaintzeko aholku batzuk ere luzatzen dizkigutelarik.

Udarako azken uztak jasotzen jarraitzeko unea da azaroa ere eta negura begirako zenbait landaketa egin edota lurra zaintzeko hainbat jarduera egiteko une aproposa ere izango dugula esaten digute Igartubeititik. «Inguruneari arreta eskaini behar zaio, urtaro aldaketa nabarituko dugulako bai inguruetako zuhaitzetan baita udazkenak dakartzan haize ufadetan ere. Bestalde, fruitu bilketa garaian gaude, batez ere sagarrari garrantzia emango diogularik», diote.

Baratzearen zaintzari dagokionez, momentu honetan piperrak biltzen hasteko garaia da. Hotzak hasi aurretik egitea komeni da, aleak frexkotan jateko. Bestela, hotzak harrapatu eta hostoak zimeltzen hasten direnean, zuzenean landare osoa sustrai eta guzti lurretik atera eta buruz behera zintzilikatu behar da, horrela, landareak sumatuko du lurretik ezin dituela elikagaiak eskuratu eta dituen erreserbak piperrak haztera bideratuko du. Ondoren, piper aleak jaso eta soka baten bitartez lotu beharko dira tira luzeak eginez, lehortzen jartzeko. Honela, nahi izanez gero, piper hautsa egiteko aukera izango da.

«Oraindik tomate alerik baduzue hauxe da hotzak harrapatu aurretik aprobetxatzeko unea. Hotzak tomateari eraso eta zapuztu egiten baitu. Aleak berdexka badaude ere, erabat gorritu gabe lasai kendu. Izan ere gorritzeko eguzkia eta beroa behar du, eta hemendik aurrera gutxiagotan izango dugu. Beraz, jaso aleak eta hegoaldera, eguzkiak ematen dion lekuren batean jarri zertxobait gehiago gorritu daitezen. Baina denbora askotxo izaten baditugu bigundu eta galtzeko arriskua dugu», gomendatzen dute.

Bestalde, abuztu amaieran eta irailean landatutako aza, uraza eta beste landareen zaintza egin behar dugula gogoratzen digute ere, hasierako hotzek kaltetu ez ditzan, hauek izango baitira neguko barazkiak.

Sagarra

Negurako ganbarak betetzen hasteko garaia da, baita sagardoa egiteko sasoia ere. Igartubeitin prest daude dolare zaharra martxan jartzeko eta horixe egingo dute urriaren 10tik 19ra, Sagardo Astea ospatuko baitute.

 

Fotos

Vídeos