Urretxuko eta Zumarragako Mintzodromoa egingo da bihar

2017an udaletxean egin zen Mintzodromoa. /  GOTZON ARANBURU
2017an udaletxean egin zen Mintzodromoa. / GOTZON ARANBURU

50 lagun inguru elkartuko dira Zelai- Arizti kultur etxean eguerdiko 12:00etatik 13:00etara

FJAG URRETXU.

Ate joka da abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Urretxu- Zumarragan ekintza ugari izango dira aurten egun horren harira eta horietako bat: Euskararen Mintzodromoa. Zumarraga eta Urretxuko udalek udal euskaltegiaren lagun-tzarekin antolatu dute bihar Min-tzodromoa.

Zumarragako Zelai- Arizti kultur etxean; 50 lagun inguru elkartuko dira eguerdiko 12:00etatik 13:00etara. Erronka euskararen erabilera kalera ateratzea izango da, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak euskaraz solasean jarriz. Euskara eta euskaraz konpartitzea da asmoa. Partaideak launaka bilduko dira mahaietan eserita eta interes orokorreko gaiez arituko dira, berriketa lasaian kafe bat hartuz. Ordu laurdeneko hiru txanda antolatuko dira eta txanda bakoitzaren ondoren beste mahai batera mugitu beharko dute partaideek ahalik eta jende gehienarekin hitz egiteko.

Ekintza honen bidez euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea da helburua; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari bidea ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea.

Parte hartzaile asko Udal euskaltegiko ikasleak edo Mintzalaguna egitasmoan aritzen dira urtean zehar, eta oraingoan denak elkartu nahi izan dituzte Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta. Urretxu- Zumarragan festa giroan eta euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkartuta burutu nahi dute Euskararen Eguna aurretik hasita. Aurten gainera, Euskaraldia ekimenean murgilduta gaudenez, Ahobizi edo Belarriprest txapa soinean jarrita hartuko dute Mintzodromoan.

 

Fotos

Vídeos