Pello Lizarralde Idazleak irakurle taldearen saioan parte hartuko du

'Orbanak' liburuaz arituko da asteartean Urretxuko kultur etxean

FJAG URRETXU.

Zumarraga eta Urretxu ko euskarazko irakurle taldeak abenduko saioa egingo du datorren asteartean, abenduak 18, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Saio horretan, Pello Lizarralde idazle zumarragarraren 'Orbanak' lana landuko da, idazlea bera ere bertan delarik. Saio irekia izango da nahi duen jende guztiarentzat. Hori bai, «aurretik liburua irakurrita joatea lagungarria da». Aipatu den 'Orbanak' lana izango den arren saioaren haria markatuko duena, astearteko saioan «Pello Lizarralderen obra emankorra bere osotasunean landuko da, idazle emankorra izan baita zumarragarra bere hastapenetatik gaurdaino».

Idazle gisa, literatura europarraren eta amerikarraren eragina aitortzen zaio Lizarralderi: horrela, Chejov, Thomas Bernhard, Peter Handke, Cesare Pavese, Marcel Proust, Albert Camus, Faulkner, Hemingway edo Cormac McCarthy bezalako idazleen eraginpean idatzi duela esan izan da. Bere lehenengo lana 1978an argitaratu zuen poema bilduma bat izan zen, 'Hilargiaren hotzikarak', zeina orain arteko bere ibilbidean poema bilduma bakarra izan den. Segidan argitaratu zituen 'Zuri beltzean' (1984), 'Hatza mapa gainean' (1988), 'Sargori' (1994) edo 'Un ange passe-isilaldietan' (1998) bezalako lanak. 2002an, 'Larrepetit' bere lan ezaguna argitaratu zuen, zeinarekin Euskadi Saria eta euskarazko Narratibako Kritika Saria irabazi zituen urte hartan. Asko idatzi izan da obra horren inguruan, liburu arraro xamartzat jo izan da, baina «soberan hitz bakar bat ere ez daukan obra horietakoa» dela ere esan izan du zenbait kritikarik. Berriagoak dira 'Iragaitzaz' (2008) eta astearteko saioan landuko den 'Orbanak' lana (2013). Aditu askoren iritziz, «esaldi bakoitzean hizkuntza egoki josi eta hitzak modu zuhurrean aurrezten dituen egilea da Lizarralde, estilo fina eta zehatza erabiliz». Itzultzaile lanak ere egina da, bestalde.

Astearteko saioan 'Orbanak' lana landuko bada ere bereziki, baina Pello Lizarralderen obra aztertuko da bere osotasunean, 'Orbanak' lanari dagokionez, honakoa dio laburpen tentatzaileak: hilketa bat gertatu da, herriko fabrikan lan egiten duen ingeniari aleman baten emaztea hilik azaldu da pagadi batean. Ez dakigu iheslearen izenik, soilik orbain bat duela lepoan. Ez dakigu hiltzailea bera den ala ez, baina ihesi eta ezkutuka agertzen zaigu. Begi, belarri eta usaimenak iheslariaren ibilera larriaren, uxakaren edo bareagoaren berri ematen digute zehaztasun eta bizitasun handiz. Paisaiaren barruan hartzen du arnasa nobelak (eta orbanak), iheslariaren pauso sosegatu edo arinagoen martxan. Bi ahots (bi plano) dira nobelaren baitan, mundu giro bereko baina barne egoera bestelako: iheslariaren begi eta zentzumenetatik jasotakoa (ahots zehatz eta objektiboa) bata, eta iheslariaren arrastoaren atzetik jarraian dabilkionarena (lasaiagoa eta bizitzaren alderdi xume eta afektiboagoenen lekuko, lehen pertsonan), bestea. Tartean daude natura eta egunaren argi printzen ñabardura ugariak. Mundu bat dago ibilian. Oso gertutik ezagutu eta bizi izan dugun mundua. Egilearen unibertso literario eta morala elikatzen jarraitzen duen mundua, gure gurasoena eta, neurri batean, geurea ere izan dena.

Abenduko saio honen ostean, urtarrileko saioan Katixa Agirreren 'Amek ez dute' lana landuko dute euskarazko irakurle taldekoek, eta urtarrileko saio horretan ere egilea bertan izango da. Saio hori urtarrilaren 21ean izango da.

 

Fotos

Vídeos