5,9 kilometro eta lau gune izango ditu zirkuitoak

Zirkuitoa. Lau gune izango ditu Kilometroak 2018. /  IKASTOLA
Zirkuitoa. Lau gune izango ditu Kilometroak 2018. / IKASTOLA

Kilometroak Txikia eta Ikastolako afaria ospatu ondoren egin zen atzo urriaren 7ko ibilbidearen aurkezpena

FCO JAVIER AGUADO GOÑI URRETXU.

Datorren urriaren 7an ospatuko den Kilometroak jaiaren zirkuitua ezagutzera eman zuen atzo Urretxu-Zumarraga Ikastolak. Ibilbideak 5,9 kilometro izango ditu eta lau gune: Ikastola, Zumarragako plaza-Lizeoa, Etxaburu eta Santa Barbara. Gehieneko desnibela 200 metrokoa izango da.

Ikastolan (Urretxuko Pagoeta auzoa) kokatuko da 1. gunea. Hau izango da Kilometroetako gune nagusia, bertan egingo baitira irekiera ekitaldia lehen orduan eta omenaldia eta lekuko ematea ondoren. Umeei eta haien gurasoei zuzendutako gunea izango da.

2. guneak Zumarragako eta Urretxuko bi leku hartuko ditu: Euskadi enparantza eta Lizeoa, Klara Larrañaga parkearen ondoko zubiaren bitartez batuko direnak. Halaber, azpigune bat izango du Zelai Arizti parkean. Euskal kultura eta aniztasuna ardatz hartuta, adin guztietako jendearentzako eskaintza egongo da gune zabal honetan.

Ikastolatik Zumarragako plazara arteko bidea Secundino Esnaola eta Legazpi kaleetatik barrena egingo da. Lizeotik gora eginez Labeaga kaletik jarraituko du ibilbideak, eta Joxe Mari Lasa plazan, Nekolalde kaletik Santa Barbararako bidea hartuko du.

Aldapan gora hasi baino lehen, alabaina, bi topagune izango dituzte Kilometroak jaiaz gozatzera datozenek: batetik, Aldiri kiroldegian 1.000 lagunentzako bazkaria eskainiko da; bestetik, Nekolaldeko aparkalekuan artisau azoka egongo da.

3. gunea Etxaburun ezarriko da, eta gainera gazteentzako kontzertuak egongo dira bertan. Gora jarraituz, Santa Barbarara helduko gara, 4. gunera. Hemengo eskaintza ere gazteei zuzenduta egongo da bereziki. Pagoeta aldetik jaitsita Ikastolara helduko da berriz ibilbide hau.

Gipuzkoar askok trenez etor-tzeko aukera izango dute Urretxu-Zumarragara Renfeko aldiriko tren zerbitzuari esker. Eta bizikletaz etortzeko gomendioa ere egingo zaie herritarrei. Horretarako, bi aparkaleku berezi eskainiko dira. Kilometroak eguna irudikatu duen jai txikian Ikastolako mendi taldea omendu zuten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos