Gure Zirkua, asteburu honetan gurean

Gure Zirkua. Atzo goizean honako itxura eskaintzen zuen Lizeoko parkean aste honetan ezarri den euskal zirkuak. /  F. J. A.
Gure Zirkua. Atzo goizean honako itxura eskaintzen zuen Lizeoko parkean aste honetan ezarri den euskal zirkuak. / F. J. A.

Kilometroaken antolatzaileek aldez aurretik jarri zituzten sarrerak salgai eta den-denak agortu ziren | Atzo lehenengo saioa eskaini zuten eta gaur eta bihar beste bina izango dira, 17.00 eta 19.30ean

F. J. A. URRETXU.

Aste honetan ikusi ahal izan da Gure Zirkuaren karpa gero eta sendoago kokatzen zela Lizeoko parkean, Urretxun. Gainera, atzo goizean bertaraino gerturatu zen jendea eta hutsik bazegoen ere, alboetan dituen argitxoek goxo-goxo luzatzen zuen bisitatzeko gonbitea.

Bien bitartean, Urretxu eta Zumarragako umeek kurtso berriari ematen zioten hasiera. Badakigu urduritasuna gaindituko zela haien bihotzetan goizeko partean, jakina: ikasturte berria, andereño-maisua ezezaguna, udan ikusi gabeko lagunekin elkartzea, beste ikasgela bat... Erronka berri baten aurkezpena tokatzen zitzaien atzo. Baina arratsaldekoa, hori beste bateko kontua izango zen askorentzat, zirkuan murgildu baitziren eta han urtuko ziren kirio guztiak.

Harrera ederra

Arratsaldeko zazpietan eman zioten hasiera Iker Galartzaren lagunen lehenengo saioari, eta hortik aurrera, gaur larunbatean eta bihar igandean beste lau saio burutuko dituzte, bina: 17.00eta 19.30ean.

Badakizue Gure Zirkua Kilometroaren ospakizunaren eskutik ailegatu dela gurera lehendabiziz. Ekimenak, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntza ere izan du, eta harrera ezinbestekoa jaso du herriko familien artean. Sarrerak aldez aurretik jarri zituzten salgai, asteartetik hasita eta arratsaldeko sei eta erdietan lehenengo saiorako bakarra geratzen zitzaien libre. Hurrengo egunetan den denak saldu dituzte. Arrakasta paregabea.

Gure Zirkuaren ibilbidea motza izan arren, ezin hobea dirudi. Eskaintzen duen ikuskizunaren iritziak ahoz aho zabaltzen dira gehien bat. Orain arte bisitatu dituen herri guztietatik zabaltzen den oihartzunak bultzada bat ematen dio Euskal Zirkuari, eta hori da ziurrenik publizitaterik onena. «Ez da bakarrik umeentzat, eh!», esaten dute izandako ikusleek. «Gurasoentzat ere oso ondo dago», eta horrela, helduak ere animatzen dira Gure Zirkora joatera.

Mamia

'Zirku' hitza bera potoloa da. Aipatzearekin bakarrik burura etortzen zaigu pertsonai askoren irudiak: pailazoena, magoarena, malabaristak, trapezistak... Gaur egun, ikuskizun mota askotarikoak ikus ditzakete gure umeekin eta oso exigente bihurtu da jendea. Horregatik, zaila iruditzen da familiak erakartzeko duen gaitasuna lortzea. 'Gure Zirkuaren' zopan espektakuluaren izaera klasikoaren osagaiak biltzen omen dira. Bertan, parte hartzen dute lehen aipatutako artista guzti horiek, eta gehienak Adunako Asbinenea eskolan ikasitakoak dira. Hauek izango dute ziurrenik eskuratzen ari diren arrakastaren edabe magikoa. Badute ere aldean beste gehigarri bat, eta ez nolanahikoa gainera: euskara. Gure Zirkuan euskara da nagusi eta honek umeengandik gertuago jartzen du ikuskizuna. Hala ere, umeen algarek ez dute hitzik, irudiak baizik. Keinuaz, koloreaz eta argiaz osatutako irudiak. Horiek denak taularatzen dira zirkuaren giroan eta noski, umeak pozik.

Espektakulua, beraz, gozatzeko prest dago eta gainera ezin dugu ahaztu aurtengo Kilometroaren aldeko etekin bat ere jaso dela. Izan ere, sarrerak 12 eurotan saldu dira bakoitzeko, eta horietako 2 euro Ikastolari laguntzeko izango dira.

Beste aldetik, azken txanpan sartu dira dagoeneko Kilometroaren antolatzaileak. Gutxi falta zaie festa erraldoia ospatzeko eta oraindik zeregin potoloa dute. Gurera iritsitako azken gonbiteak interneten Klikmetroak ekimenarekin bat egitera animatu gintuen. Hau da, sarean ikusgai dugun zirkuitu birtualari ahalik eta bira gehien ematea da helburua. Horretarako, gutako bakoitzak metro bat eskuratu dezakegu.

Prozesua sinplea eta doakoa da: klikmetroak.kilometroak.eus webgunean sartu, bertan azaltzen den egin zure metroa botoiaren gainean klik egin eta adierazten diren pausuak jarraitu. Metroa eskuratzen dugunean, gure izen-abizenak, argazkia eta bertan utzitako mezua agertuko dira. Halaber, metro bakoitza enpresa, merkatari eta elkarte ezberdinek diruz babestuta dago. Beraz, klik egiten dugun aldiro, Kilometroen aldeko ekarpen ekonomikoa ahalbideratuko dugu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos