Bertso jaialdia egingo da bihar Labeaga aretoan KMKren baitan

FJAG URRETXU.

Kilometroak 2018-ren barruan, bertso jaialdia eskainiko da bihar Urretxuko Labeaga aretoan, 22:30ean hasita. Belaunaldi ezberdinetako lau bertsolarik hartuko dute parte bertan: Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek eta Mikel Iturriotzek. Beñat Torres izango da gidari eta gai jartzailea.

Sarrerak salgai daude Urretxu-Zumarraga Ikastolan eta Kilometroetako dendan, eta Legazpiko Katilu, Azkoitiko Latz, Beasaingo Irizar, Ordiziako Moderno, Lazkaoko Zelata, Urretxuko Zona Zero eta Motz eta Zumarragako Arkupe tabernetan. Sarrera bakoitzak 10 euro balio du; 8 euro ikasle eta langabetuentzat.

Mikel Iturriotz urretxuarrak ez du aurkezpen handirik behar herrian. Ikastolako ikasle ohi eta Bertso Eskolako kidea da. Urretxu-Zumarragako 'Zugazte' gaztetxoen bertso-eskolako irakaslea ere bada, Amaia Iturriotz, Maialen Akizu, Manex Mantxola eta Beñat Torresekin batera. Txikitatik parte hartu izan du eskolarteko txapelketetan: 2013an txapeldun izan zen, gainera, Gipuzkoakoan eta txapeldunorde Euskal Herrikoan. Horrez gain, han-hemenka antolatutako sariketetan ere kantatu izan du.

 

Fotos

Vídeos