I. Azoka Soziala larunbatean egingo da Gernikako Arbolan

Antolatzaileak. Azoka Sozialaren lehen edizioaren aurkezpena. / AGUADO GOÑI
Antolatzaileak. Azoka Sozialaren lehen edizioaren aurkezpena. / AGUADO GOÑI

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO URRETXU.

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Azoka antolatu da Urretxu-Zumarragan. Larunbat honetan, abenduaren 8an, izango da, Gernikako Arbola plazan, goizeko 11:00etatik 14:00etara Azoka Soziala. Azken urteotan ekimen desberdinak egon diren arren (Trapera Azoka eta bigarren eskuko azoka kasu) bizitza erdigunean jartzen duten proiektu ekonomiko eraldatzaileen inguruan berariaz antolatzen den lehen saioa da.

Antolatzaileek Azoka Soziala ekonomia sozial eraldatzailea indartu eta ikustarazi nahi duen espazioa izango dela jarri zuten argitan aurkezpenean. «Ekonomia sozial eraldatzailea ekoizpen, zerbitzu, komertzializazio, kontsumo edota finantza sektoreetan gaur egungo krisiari erantzunak eskaintzen dituen eta hazten ari den errealitate sozio-ekonomikoa da. Jasangarritasuna, elkartasuna, demokrazia, berdintasuna, zaintza eta justizia soziala, hau da, pertsonen bizitza duina, erdigunean jartzen duten proiektu ekonomikoak dira, eguneroko praktikaren bidez jendartea eraldatzea eta bizitza erdigunean jarriko duen ekonomia-eredu berri bat», bilatzen dutela esan zuten.

Azoka berezi honen antolatzaile eta parte-hartzaileak honakoak dira: REAS, Fiare Banku Etikoa, Goiener, Izarkom , Olatukoop eta hauekin batera eta laguntzaile gisa Urretxuko Udala. Oso hitz guxiekin bada ere, eta izen horiek hobeto ezagutze hona hemen bakoitzeko azalpen txiki bat.

Goiener. Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da eta Goiener-en xedea hiritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.9.426 bazkide ditu gaur egun eta 11.910 kontratu.

Fiaren Banku Etikoa. Herritar antolatuen eskuetan dagoen banketxea da, akziokako kooperatiba elkarte moduan eratua. gaur egun Italiako, Estatuko eta Hego Euskal Herriko lurraldeetan diharduena, lankidetza eta elkartasuna bultzatzea helburu.Egitura osoak bazkideak ditu bizibide, tokian-tokian antolatuak, kultur ekintza landu, egitura operatiboarekiko hartu-emanei heldu, finantza-eskariei ebaluazio etiko-soziala egin, eta lekuan-lekuan egon litezkeen premiei -banka zerbitzuen arloan beti ere- erreparatzeko.

Izarkom. Herritik bertatik sortzen den euskal proiektu kooperatibo eta demokratiko bat da: telefono eta interneterako zerbitzuetara sarbidea bermatuko digun telekomunikazio zerbitzu multzo batez hornitzeko helburuarekin sortutakoa, kalitatezko baldintza teknikoei egokitutako eta kostu onargarrietan oinarritutako tarifen bitartez.

Olatukoop. Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta haien jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dute helburu. Olatukoopen egitasmo garrantzi-tsuenetako bat KoopFrabrika da, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa. Lankidetzan sorturiko programa da Koopfabrika, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, EHUko Gezki Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua eta Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzako udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia. Foru Aldundiak babesturiko programa. Gipuzkoa osoko proiektuei zabalik da KoopFabrika.

REAS Euskadi. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia solidarioa eta enpresa solidarioen sendotze eta aurrezagutzaren alde lan egiten dute, arlo ekonomikoan alternatiba eraldatzaileak sortzen dituzten esperientzien eta baliabideen bultzada sustatuz.

Hitzaldiak

Azoka Sozialaren bidez hainbat proiektu Urretxu eta Zumarragako herritarrei hurbildu nahi dizkie antolatzaileek eta, bide batez, proiektuak aurrez-aurre ezagutzeko aukera eman. Zalantzak argitu eta galderak erantzuteko aukera bat ere eskaini nahi dute eta horretarako, azokan bertan hitzaldi txikiak izango dira. 11:15ean Olatukoop eta Koopfabrika; 11:45ean Izarkom; 12:45ean Goiener eta 13:15ean Fiare Banku Etikoa.

 

Fotos

Vídeos