Uggasak 'Argi dugu' kanpaina martxan jarri du Urola Garaian

Energia azoka. Energiarekin bat datozen ekimen desberdinak aurrera eraman izan dira bailaran. /  GALILEA
Energia azoka. Energiarekin bat datozen ekimen desberdinak aurrera eraman izan dira bailaran. / GALILEA

Euren etxebizitzetan egiten den kontsumoaren azterketa bat egingo zaie parte hartzaileei eta kontsumoa nola murriztu aholkatuko zaie

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Uggasa, Urola Garaiko Garapen Agentzia, eskualdeko lau Udalekin elkarlanean, 'Argi Dugu' ekimena plazaratu berri du. Ekimen hau eskualdeko biztanleei zuzenduta dago eta etxebizitzetan egiten den energia kontsumoaren gakoak hobeto ezagutzea du helburu, baita zaurgarritasun energetikoaren errealitatea ezagutzea eta berau ekiditeko neurriak hartzea ere.

Urola Garaiak urteak daramatza eskualdearen energia eredu berri baten alde lan egiten. Horretarako, plan zehatz bat egin zen, honetan eskualdeko eragile eta herritar ezberdinek parte hartu zutelarik. Planak hainbat erronka jasotzen ditu, horien artean eraginkortasuna eta aurrezkian oinarritutako kultura energetiko berria bultzatzea eta ahultasun energetikoa murriztea daudelarik. Orain abian jartzen den ekimen honek ildo horietan aurrerapausoak ematen eta eskualdeko eredu energetiko berriranzko bidea jarraitzen lagunduko du. Ekimen hau Foru Aldundiaren laguntzarekin burutuko da.

Helburua

'Argi Dugu' izenarekin ekimenak berak batzen dituen bi kontzeptu uztartu nahi izan dira: batetik, energia kontsumo arduratsua eta adimentsua egiteko zalantzarik ez dituzten etxebizitzak eta, bestetik, egoera larrian egon daitezkeen etxe argiztatuak.

Ekimen honetan parte hartu nahi duten etxeei, lehenik eta behin, bisita energetiko bat egingo zaie, hau da, pertsona bat euren etxera joango da eta haiekin batera zer nolako energia kontsumoa duten aztertuko da. Informazio horretan oinarrituta, energia plan pertsonalizatu bat egingo zaie, honekin batera kontsumoa murrizteko eta eraginkorragoa egiteko ekintzen proposamen sorta bat proposatuko zaielarik.

Lau hilabete emango dira ekintza horiek martxan jartzeko eta, denbora horretan zehar, hainbat aholku eta jardunbide on azalduko zaizkie parte hartzaileei. Azkenik, lau hilabete ondoren, etxebizitza bakoitzaren emaitzak aztertuko dira eta etxe bakoitzak bere emaitzak azaltzen dituen txosten bat jasoko du.

Ekimen honetan parte hartzeko bide ezberdinak daude: 943 72 58 29 telefono zenbakira deituz (Uggasara), ugargidugu@gmail.com posta elektronikora idatziz, edo norberaren udaletxera hurbilduz (Legazpi, Ezkio, Zumarraga edo Urretxu). Izena emateko epea hilaren 26ean amaituko da. Parte hartzaileei jakinarazten zaie, ekimenerako kontsumo datuen jasoketa on-line plataforma batean oinarrituko denez, ezinbestekoa izango dela posta elektroniko eta interneterako konexioa izatea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos