Udazkenean ere turismo eskaintza zabalarekin datoz Urola Garaian

Olentzero . Haurrek irrikaz espero duten bisita izaten da Olentzero ikazkinarena. /  GALILEA
Olentzero . Haurrek irrikaz espero duten bisita izaten da Olentzero ikazkinarena. / GALILEA

Sagardo Astea eta Olentzero ikazkina izaten dira hilabete hauetako protagonista nagusiak

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Urriaren lehenengoan jarri zen martxan udazkeneko Urola Garaiako turismo eskaintza, eta hiru hilabeteetan zehar tailer, bisita, museo... eta jarduera anitzetan parte hartzeko aukera zabaltzen da gure bailaran, ekintza ugari haur eta familiei zuzendutakoak direlarik.

Urola Garaiatik hiru hilean behin plan eta jarduera askoren eskain- tza zabaltzen da, bai enpresa pribatuek eta baita herrietako museoek ere antolatuta. Bisita gidatuak egin daitezke museoetara edo elizetara, baita turismo aktiboko ekintza desberdinak ere, tailer bereziak... Gainera hiruhileko honetan Igartubeitin urriaren 10ean hasiko den Sagardo Astea dugu eta laster «Olentzero ikazkina» tailerra ere eskaintzen hasiko dira Lenburrekoek.

Banan banan

Urola Garaiako lau herriek dituzte produktu, museo, tailer edota ekintza erakargarriak, guztien artean eskaintza borobil eta anitza osatzen dutelarik.

Zumarragan Antioko baseliza eta Antio- Antigua Interpretazio zentroa daude. Baseliza urrian asteartetik igandera, eta azaroa eta abenduan ostirala eta asteburuetan bisitatu daiteke; interpretazio zentroan berriz informazio bulegoa kokatzen da honek astelehenetan bere ateak isten dituelarik.

Urretxuri dagokionez, Aikur Erle Museoa bisitatzeko aukera dago ostirala eta asteburuetan; San Martin de Tours eliza, astelehenetik ostiralera; eta Urrelur Mineral eta Fosilen museoa dugu bisitagarri, azken hau igandetan itxita.

Legazpin berriz aukera oso zabala da: Artzantzaren Ekomuseoa igandetan, Mirandaolako Burdinolaren ikuskizuna igandero aurrera eramaten da; Chillida Lantokia (aldez aurreko hitzordua); Euskal Burdinaren Museoa, bertan informazio bulegoa kokatzen da eta astelehenetan isten ditu bere ateak; 50. hamarkadako eskola (aldez aurreko hitzordua); Langileen etxebizitza (aldez aurretik hitzordua); Ogiaren Txokoa Igaralde baserrian igandetan; edo Urola Garaia Zaldiz Ormazarreta zaldi eskolaren esku. Legazpiko Mirandaolan azpimarratzekoa da urtero ehundaka lagun erakartzen dituen Olentzero ikazkinaren bisita, txanda hartzeko aukera zabalik dagoelarik dagoeneko.

Eta azkenik Ezkio. Herri honetan, San Migel eliza eta XVI. mendeko eraikuntzak daude, Igartubeiti Baserri Museoarekin batera. Azken honetan aste berezia martxan hasiko da urriaren 10ean, baserria eta bere dolarea bizirik ezagutzeko aukera bikaina ematen diguna, Sagardo Astearen ospakizuna hain zuzen.

Haur eta familientzat

Eskaintza honen barne, eta duten arrakasta ikusita, familiei zuzendutako planak areagotuz doaz eta udazken honetan ere aukera desberdinak eskaintzen dituzte turismo sailetik: Olentzero Ikazkina (Legazpi); larunbatetan aurrera eramaten diren tailerrak Igartubeiti Baserri Museoan (Ezkio);edota Igaraldeko Ogiaren Txokoa (Legazpi), besteak beste.

Azaroan hasi eta Gabon bezpera arte Olentzero ikazkinaren bisitak jasoko dituzte Mirandaolan: Olentzeroaren istoria ezagutu, honek egiten duen lana, ikatza nondik datorren... Hau guztia borobiltzen duen bisita bereziak antolatzen dira eta hauetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko; asko dira jada izena eman duten familiek eta lekua murriztua denez, eguna eta ordua aukeratzeko ahalik eta azkarren deitzea komeni dela gogoratzen da. Honetarako Mirandaolako turismo bulegora deitu beharko da 943 73 04 28.

Bestetik, ekintzen informazio gehiagorako, edota ordutegi zehatzak eta prezioak jakiteko, Urola Garaiako turismo bulegoekin harremanetan jarri: Antio- Antiguako bulegoa 943 722042, asteartetik ostiralera eta igandetan 10:30etik 14:30era eta larunbatetan 12:00-14:30 eta 16:30-18:30; eta Mirandaolako turismo bulegoa 943 73 04 28, asteartetik igandera, goizeko 10:00etik 14:00etara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos