Udaletxeko sarrera irisgarri bihurtu eta kalea oinezkoentzat egingo da

Aparkalekuak. Oinezkoentzat eta bost aparkaleku ertzean. / GALILEA
Aparkalekuak. Oinezkoentzat eta bost aparkaleku ertzean. / GALILEA

Obra fase desberdinetan egingo da, lehenengoan eraikineko sarrera, aparkalekuak eta kalea oinezkoentzak prestatu

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Herriko udaletxea berrituz doaz poliki poliki, eta barrualdea ia guztiz txukunduta egonda, lehenengo solairua behintzat, hurrengo pauso bat eman dute Udalekoek, eta egin behar diren berrikuntzak kanpokalde irisgarria, teilatu berria eta ganbara eta txukuntzea izango dira. Lehenengo fasea martxan dago dagoeneko, honetan sarrera irisgarria, aparkaleku berriak eta oinezkoentzako gunea aurrera eramango direlarik.

Leader programara jo dute oraingoan ere Udalekoek. Aurreko urtean programa honen bitartez, edo honekin jasotako diru laguntzari esker, Alegiko parke berriko obra aurrera eraman da; oraingoan Leader 2018rako Udaletxeko berrikuntza aurkeztu dute. «2017ko Leader programara Alegiko haur parkeko obra eta Udaletxeko berrikuntza ere aurkeztu genituen; lehenengoa onartu zuten. Orain, aurrekoan bezala Udaletxeko kanpokaldeko obra aurkeztu dugu, honekin batera ere teilatuko konponketa eta ganbara txukuntzeko proiektua doazelarik», azaltzen du Gorka Sasieta Itsasoko alkateak.

Teilatua aldatu, ganbara konpondu eta sarrera eta kanpokaldea egokitzea da proiektu honek biltzen dituen berrikuntzak. Obra hau guztia fase desberdinetan aurrera eramango da eta lehenengoa martxan dago dagoeneko. Honekin, Udaletxeko sarrera irisgarri bat, aparkaleku berria eta oinezkoentzako gunea egingo direlarik. «Udaletxeko sarreran lau eskailera daude eta udaletxe batean ezin da horrelako sarrera bat egon, irisgarria behar duelako; beraz, hau izango da egin beharreko lehenengo gauza. Sarreran, kanpoan, ranpatxoa doa, Alegiko elkartean egin zenaren antzera», azaltzen du Sasietak.

Sarrerako ranpatxoak behar duen lekua kontutan harturik, parean dauden aparkalekuak kendu beharko dira, bestela pasatzeko lekua justu xamarra gelditzen delako. Hau horrela izanda, baterian aparkatzeko dauden lekuak kendu eta linean aparkatzeko bi leku kokatuko dira bertan. Bestalde, eta aparkaleku gutxi direlakoan, eliza azpian dagoen lorategiaren ertzean beste bost aparkaleku (linean ere) kokatuko dira. Honetaz gain, gune guztia oinezkoentzako itxura hartuko du.

«Gune guztiari oinezkoentzako itxura emango diogu. Hasieran udaletxe parean bakarrik egin behar genuen oinezkoen zatia baina azkenean guztia izango da, momentu honetan dauden espaloiak desagertuz», dio alkateak.

Lehenengo fase hau laster hasiko dela diote Udalekoek, iraila aldera seguru asko. Momentu honetan lizitazio-iragarkia argitaratu da eta interesdunek hilaren 27ko eguerdira arte dute eskaintzak eta dokumentazioa aurkezteko epea. Lehehengo fase honetarako estimatu den aurrekontua 84.800 eurokoa da (BEZ barne). Epea amaitu eta aste betean gehienez obra egingo duen enpresa aukeratua izango da. Obra hasi orduko (irailan hastea espero da) bi hilabeteko epea izango dute hau amaiatzeko.

«Leader programaren erantzuna jaso arte ez dugu itxarongo. Obra martxan jarriko dugu eta bi zatitan egingo dugu. Udaletxeko sarrera eta kanpoko aldea laster jarriko da martxan eta gero teilatuarena egiteko, aurretik «análisis estructural» delakoa egin behar da eta analisi hori ere jarriko dugu martxan», azaltzen du Gorka Sasieta alkateak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos