Udalekuetan begirale izateko deialdia luzatzen du Udalak

Udalekuak. Maiatzaren 24a izango da izena emateko azken eguna. / GALILEA
Udalekuak. Maiatzaren 24a izango da izena emateko azken eguna. / GALILEA

Deialdian izena emateko epea hurrengo ostiralean, hilak 24, amaituko da

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Oraingoan ere eskola amaitu eta herriko gaztetxoek hiru astetan zehar ondo pasatzeko aukera izan dezaten udaleku irekiak antolatuko dira Ezkion, eta oraingoan ere hauetan begirale lanetan ari-tzeko deialdia zabaldu du herriko Udalak, honetan izena emateko epea hilaren 24an amaituko delarik.

Udalekuak uztailaren 3tik hilaren 24era bitartean izango dira, goizeko 10:00etatik 12:30ak arte, begiraleen kasuan prestaketa orduak gehitu behar zaizkiolarik ordutegiari. Udaleku hauetan hiru urtetik gorako haur guztiek parte hartzeko aukera dute (2016an jaiotakoak txikienak); taldeak eta programa aurrerago antolatuko dira, ematen duten haurren adinaren araberakoak izango direlarik. Prezioei dagokienez, hauek ere familiako haur kopurua kontutan hartuz izango dira.

Aukeraketa

Begirale izateko herriko udaletxean eman beharko da izena hilaren 24a baino lehen eta honekin batera curriculuma aurkeztea ere eskertuko da; udaletxeko telefonoa 943 72 13 03 da. Begiraleengan balioetsiko dena ondorengoa izango da: 18 urte beteta izatea; euskara egoki menperatzea, PL2 gutxienez izatea (honela ez bada burutuko den elkarrizketan frogatu beharko du); herriaren ezagutza baloratuko da, hau elkarrizketa bidez egingo delarik; begirale ikasketak edota hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak ere kontutan hartuko dira; eta azkenik, horrelako lanetan eskarmentua izatea ere baloratuko da.

Orokorrean, eta aurreko urteko kopuruari erreparatuz, hogeita hamar haur eta gaztek gutxi gorabehera parte hartzen dute herriko udaleku libreetan eta oso gustura ibiltzen dira bertan, eskulan, ekintza, txango eta bestelako jardueratan aritzen direlarik.