Udalekuei agur esango diete bihar

Sukaldaritza . Aurreko astean ere gustura aritu ziren. / POTT
Sukaldaritza . Aurreko astean ere gustura aritu ziren. / POTT

Sukaldaritzarekin hasi eta goizeko bigarren zatian Alegiko pilotalekuko horma-irudia margotzeari ekin diote azken astean

MIRYAM GALILEAITSASO.

Lau astez ekintza ugari aurrera eraman dituzte haur eta gaztetxoek Itsasoko Udalekuetan, aste bakoitzean proiektu desberdin bati heldu diotelarik: robotika, kirolak, sukaldaritza eta zeramika, eta sukaldaritza eta margolaritza izan dira aurten aukeratutako gaiak. Ederki aritu dira herriko gaztetxoak aste hauetan eta bihar agur esango diete aurtengo udalekuei.

Hamalau itsasoar izan dira aurtengo udalekuetan parte hartu dutenak, aste bakoitzean kopurua aldatuz joan delarik, gaia bezalaxe. Azken aste honetan sukaldaritza eta margolaritza lantzen ari dira eta adin desberdinetako sei gaztetxo lanean ari dira Aizpea Lasaren gidaritzapean.

Lehenengo erdian sukaldaritzan aritzen dira, aurreko astean bezala, atzo adibidez hiru eratako arrozak eta atun-enpanada sukaldatu zituztelarik Manu Hernándezen gidaritzapean. Goizeko bigarren saioan berriz, margolaritzari ekin diote.

Aizpea Lasak azaltzen duenez, lehenengo eta behin gaia aukeratzea izan zen egin beharreko lana. Horma-irudia pilotalekuko paretan kokatzen denez, pilotalekuan aurrera eramaten diren ekintzetan pentsatu zuten diseinua egiteko garaian. Ondoren, formak bilatu, marrazkia homogeneoa izateko; kartulinatan pertsonaiak diseinatu eta hormara joan ziren zuzenean. Kartoizko moldeak egin, siluetak marraztu eta koloreak aukeratu zituzten. Patinatzea, pilota, korrika, jolastea... azaltzen dira bertan eta dibertsifikazioa ere ageria da horma-irudi berrian: kolore desberdinetako pertsonak, adin eta sexu desberdinetakoak... ikusi ditzazkegu marraztuta.

Poliki poliki horma-irudia forma hartzen ari da, gogoz eta kontu handiz lanean ari baitira herriko sei gazte hauek. Espero dutenez ostiralerako amaituta egongo da, udalekuetako azken eguna izango baita hau, eta horrela egun honetan bertan hasten diren Madalena jaietarako herritar guztientzat ikusgai egongo da.