221 txirrindulari indarrak eutsiz

Txapeldunak. Irabazle guztiak euren dominak esku artean dituztela, sari banaketa amaitu ondoren. / GALILEA
Txapeldunak. Irabazle guztiak euren dominak esku artean dituztela, sari banaketa amaitu ondoren. / GALILEA

Lan bikaina egin zuten txirrindulari gazteek Gipuzkoako Errepideko Txapelketan | Santa Lutzi Klasika alde batera utzi eta alebin eta infantilekin egin dute aurten apostu herrian

MIRYAM GALILEA EZKIO.

EzkiOn Klubak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako Errepideko Txapelketa aurrera eraman zen igandean arratsaldean herrian, honetan 221 txirrindulari alebin eta infantilek parte hartu zutelarik.

Infantil eta alebinetan sailkatuta, neskak eta mutilak, ibilaldia osatzeko prest kokatu ziren txandaka Ezkioko Udaletxearen parean kokatutako helmugan. Hortik abiatu eta autobide azpian dagoen errotondaraino luzatzen zen ibilbideari bost buelta eman zizkioten gaztetxoek. Erorketa bat baino gehiago gertatu zen, anbulantziak ere bere lana egin behar izan zuelarik, baina hala ere gustura aritu ziren txirrindulariak bertan.

Guztira 221 txirrindulari gazteek parte hartu zuten aurtengo lasterketan: alebinetan, 106 mutil eta 17 neska; eta infantiletan, 87 mutil eta 11 neska. «Nesken kasuan lasterketa garbiagoa izan da, taldea txikiagoa izanik errazago izan dute. Mutilen kasuan konplikatu da zenbait lekutan: taldea asko zabaltzen zen eta batzuetan ere asko estutu behar izan dira», azaltzen zuten Federaziotik. Hurrengo egunetan, lasterketaren balorazioa egingo dute antolatzaileek, beti ere hobetzea balego aldaketaren bat planteatzeko.

Txirrindularien aldetik, kirolari bikainak ikusteko aukera egon zen igandean Ezkion, gogoz eta gogor aritu ziren txirringan eta inguratutakoen animoak eta txaloak ere ez ziren makalak izan. Giro ederra sortu zen.

Txapeldunak

Arratsaldeko azken orduan amaitu ziren lasterketak eta udaletxe parean kokatutako podiumean banatu zituzten dominak.

Alebin neskatan, Andoaingo Izaro Etxarrik jaso zuen txapela; bigarren postuan Otxeko Uxue Polo; eta hirugarrenik, Limousineko Eneritz Goikoetxea sailkatu zen. Alebin mutilen kasuan Otxeko Peio Munduatek jaso zuen txapela; bigarren sailkatua Zumaiako Herri Eskolako Danel Begiristain izan zen; eta hirugarren sailkatua, Zumaienako Asier Aizpurua.

Jarraian infantilen txanda iritsi zen. Nesken kasuan Ampo-Goierriko Arene Perezek jaso zuen txapela; bigarren sailkatua Zumaiako Garazi Bergara izan zen; eta hirugarren sailkatua Limousin taldeko Ayala Serrano. Azkenik, infantil mutiletan, Donosti Berriko Aimar Alarciak jaso zuen txapela; Optica Bidasoako Gorka Fernández bigarren postuan iritsi zen; eta hirugarrenik, Limousin taldeko Urko Vidalek zeharktu zuen helmuga. Zorionak guztiei!