Margari Arruti: «Mus txapelketak ekarriko ditugu, oso arrakastatsuak izaten dira»

Margari Arruti. Topa Taberna parean, inauguraziorako prest. / GALILEA
Margari Arruti. Topa Taberna parean, inauguraziorako prest. / GALILEA

Aste batzuk itxita egon ondoren, arratsaldeko 19:00etan inaugurazio festatxoa egingo dute gaur Topan, nahi duena gonbidatuta dagoelarik

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Herriko Eskolarekin batera Topa Taberna sortu eta hau aurrera eramateko aukera zabaldu zenetik, agintea hartzea buruan sartu zitzaion Margari Arrutiri. Handik geroztik sei urte igaro dira eta oraingoan bai gogoari eutsi eta Toparekin aurrera egitea erabaki du. Ostatuarentzat dituen ideiak anitzak dira eta gogoa ere sekulakoa. Topa tabernak gaur arratsaldean hartuko du berriro martxa.

-Zergatik izan da hau animatzeko momentua? Zergatik Ezkio?

-Hementxe bizi naiz ni, Zumarragakoa den Buztintza baserrikoa naiz, hor bertan dagoena. Tabernarien munduan egin izan dut lana beti, nire ogibidea da eta Topa taberna egin zutenean aukera ederra zela pentsatu nuen: dagoen tokian ongi funtzionatu behar du. Pausua eman nahi nuen baina azkenean ez nintzen animatu; beste taberna bat dut Urretxun (Apain tabernan hamahiru urte daramat) eta lan handia izango zela pentsatu nuen. Hobe batekin... Handik bi urtetara berriro azaldu zen aukera eta berriro ere pikatu nintzen baina horretan ere ez nintzen animatu. Orain beste bi urte pasa dira eta berriro ere aukera azaldu da, eta oraingoan bai animatu eta aurkeztu egin naiz, eta hemen nago.

-Zer aurkituko dugu Topan?

-Apain ezagutzen duenak hemen Apain ikusiko du; ez dakit beste era batera lan egiten beraz bertara nire produktu berdinak eta nire lan egiteko era ekarriko ditut.

-Eskolako haurren jangelaren ardura erronka bat da zuretzat?

-Bai. Hortan berria naiz baina orain arteko sukaldari berdinak jarraitzen du eta jendea oso gustura dagoenez erraza izango delakoan nago. Bertatik bertarako produktuak, sukaldatzeko modua... lan horiek errespetatu behar dira, erosi behar diren produktuak erosi eta aurrera.

-Zein berezitasun izango ditu Topa berriak?

-Aukera gehiagi eskaintzearekin beti bekatu egin izan dut. Apainen ere gertatzen zait eta horrek sukaldean mugimendu gehiago dakar: bokadiloak, plater konbinatuak, razioak, karta… Eskaintza oso zabala da; gauza asko beharbada. Zerbait azpimarratzekotan egia da bokadiloekin dugula fama: handiak eta goxoak. Dena den, eta nahiz eta eskaintza zabala izango dugun, Apainekin konparatuz aldaketa batzuk egin ditut, biak berdinak ez izateko; poliki poliki hasiko gara, azkenean jendea da erakusten dizuna. Bestalde, leku honek parrilla bat jartzeko aukera bikaina eskaintzen dizu eta hori egiteko intentzioa daukat. Nola funzionatzen duen ikusi beharko dugu baina hasteko ostiraletan eta larunbatetan gauean jarriko dut; intentzioa da urte osoan zehar mantentzea.

-Toparen agintea hartzeko baldintzen artean herriari irekitako ekintzak antolatzea zegoen, baten bat pentsatu duzu dagoeneko?

-Momentu honetan irekiera dut buruan, abuztuak harrapatu nau, berez orain dela hamabost egun zabaldu behar genuen baina ezinezkoa izan da. Baina bai, uste dut hemen musak adibidez arrakasta handia izango lukela. Inguru honetan musa jartzen den tokian jendeak parte hartzen du eta zenbat gaztek jokatzen duten harritzekoa da. Apainen adibidez festatatan egiten dugu eta 50 bikote inguruk ematen dute izena. Honekin jendea bildu egiten da eta asko gainera! Bestalde ere, eskola hemen dagoela ikusita umeentzako mila ekintza erraz antolatu daitezke, egun desberdinak ospatu, beraien urtebetetzetan merendolak egin… Askotan gogoratzea edota inplikatzea da bakarrik: aitaren eguna, amaren eguna... Nahikoa da astebete lehenago arbelatxo bat jartzearekin edo facebooken aipatzearekin eta jendea animatu egiten da.

-Lehenengo Topa, gero Goza, orain berriro Topa... Zergatik izena aldatu?

-Azken bi urte hauetan nik Topa deitzen jarraitu diot. Hasieratik horrela izan da eta bestea ez zitzaidan buruan sartzen... gainera ez zait gustatzen. Beraz atzera bueltatu eta berriro ere Topa jarriko diot, honekin jarraitzen dut buruan. Eta hirugarren izen bat asmatzea gehiegi iruditzen zait.

-Eta gaur arratsaldean ateak irekiko ditu berriro ere ostatuak.

-Bai, gaur arratsaldeko 19:00etan inaugurazio festatxoa ospatuko dugu; ez dela janaria eta edaria falta! Etortzen dena gustura sentitu dadin da helburua. Denetarik jarriko dugu: tortilak, kroketak, txorizoa... eta edaria. Hasieran urdaiazpikoa kanpoan mozten jartzea pentsatu nuen, baina ez dut nahi gehiegi lanzatu abuztuan sartu berri gaudelako, jendea oporretan egon daiteke… Nik espero det jendea animatu eta gerturatzea, baina garaia ez da onena jendea elkartzeko. Trikitilariak ekartzeko ideia ere buruan daukat… baina ez dago ziurtatuta; sorpresa izango da!