Tailerrak, sariak eta argitalpena Igartubeitiko abenduko egitarauan

Tailerrak. Abenduan familientzako bi tailer. /  IGARTUBEITI
Tailerrak. Abenduan familientzako bi tailer. / IGARTUBEITI

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Abendua ekintzez jositako hilabetea izango da Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan, hauek tailer, bisita edota sari banaketa ekitaldiak osatzen duten egitaraua prestatu dutelarik, eta lehenengo ekintza igande honetan eguerdi partean aurrera eramango da, bisita berezi bat antolatu dutelarik.

'XVI. mendeko baserri batera zentzumen bidaia' egiteko aukera luzatzen dute iganderako Igartubeitikoek, eguerdiko 12:30ean hasi eta ordu beteko iraupena izango duelarik. Bisita gidatu hau Ignaziotar Lurraldea programaren barne antolatua da, Urola Garaia Turismorekin lankidetzan eta doakoa izango da.

Sari banaketa

Abenduaren 15ean bai goizez eta baita arratsaldez ere izango dugu Igartubeitin mugimenduan, sari banaketa batekin hasi eta arratsaldean familientzako tailerra aurrera eramango delarik.

XI. Sagardo Astea Argazki Lehiaketaren sari banaketa hurrengo asteburuan izango da, goizeko 12:00etan Interpretazio Zentroan elkartu eta kategoria bakoitzeko hiru sariak banatuko direlarik. Aurten Carlos de Cos izan da irabazlea helduen kategorian eta Iker Ruiz haurren kategorian. Sari banaketarekin batera aurkeztutako argazki guztien proiekzioa burutuko da aurkezpen honetan.

Arratsaldean berriz, 'BASerria eta itsasOA, zer da?' lantegi didaktikoa aurrera eramango da Igartubeitin, arratsaldeko 16:30etan hasi eta bi orduko iraupena izango duelarik. Oraingo honetan 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua izango da eta 3 euroko prezioa izango du, beti ere Famili Txartelarekin deskontuak egiten direlarik. «Hitz joko eta asmakizunen bitartez euskara landuko dugu tailer honetan. Itsaso, Isasi, Isasaga, Itsaso hitzetik al datoz??? Isatsa... zer da isatsa? Ilbeltzean gaude, zein hilabete da hori? Ilbeltza, jorraila, agorrila, azaroa...», diote Igartubeiti museotik.

Tailerrean parte hartzeko aldez aurretik izena ematea komeni da eta honetarako Igartubeitiko 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi daiteke.

Aste bete igaro eta hurrengo asteburuan «Areago. Istorioak belarrietara 3» liburu berriaren aurkezpen saioa izango dugu, goizeko 12:00etan hasiz. «Istoriak belarrietara euskarazko kontakizun laburren IV. Deialdian saritutako kontakizunak biltzen dituen argitalpenaren aurkezpena izango dugu. Argitalpenean parte hartu duten idazleen eta ilustratzaileen arteko topaketa ere ospatuko dugu», Igartubeititik.

Azkenik, arratsalde horretan ere, 16:30etik aurrera 'Irudi ipuinak' sormen artistiko lantegian parte hartzeko aukera izango dute haur eta familiek. Ipuin batetik abiatuta, parte hartzaile guztien artean, ilustrazio handi bat sortuko dute. Tailerra Leire Salaberria ilustratzaileak eskainia izango da. Kontutan hartzekoa da lekua mugatua dela beraz ahalik eta azkarren izena ematea komeni dela.

 

Fotos

Vídeos