Sorginak eta sua, festaren protagonistak

Gau magikoa. Bizilagun taldea suaren inguruan. / ITSASO A.B.
Gau magikoa. Bizilagun taldea suaren inguruan. / ITSASO A.B.

Isatsen koreografia, afari herrikoia, sorginen dantza eta suaren pizteak osatu zuten San Joan bezperako ospakizuna

MIRYAM GALILEAITSASO.

Larunbata arratsaldean hasi ziren prestaketa lanak Itsason, sua zein lekutan egin behar zuten erabaki eta herritarrek iganderako guztia prest utzi zutelarik.

Eguna iritsi eta igandean arratsaldean, sorgin dantzaren entsegua egiteko elkartu ziren herriko gazteak plazan, honi esker ondoren festan ikusiko zenearen aurrerapena bertaratutakoei eskaini zietelarik.

Herri, baserri, auzo, kale... San Joan bezpera era askotan ospatzen da eta igandean arratsaldean ke hariak ikusten ziren nonahi, zeruko bidea hartzen, inguruetan.

Alegitik Itsasoko herrigunera su txikiak agertzen ziren arratsaldean sakabanatuta, San Joan bezperako ohiturari jarraituz. Herrira iritsi eta plaza ondoko aparkaleakuan egurrez osatutako menditxoa zegoen, sua gauean pizteko prest.

Suaren festa

Azken urtetan egin izan duten bezala, oraingoan ere isats erratzen koreografiak ireki zuen San Joan bezperako egitaraua, ondoren afari herrikoia hasi zelarik.

Gehienak ostatu barruako jatetxean afaldu zuten eta gaztetxoak berriz plazan kokatutako mahaietan egokitu ziren; guztira 66 lagun elkartu ziren igandean San Joan bezperako ospakizunean parte hartzeko.

Afaltzen amaitu eta gaueko 22:00etan kanpaien hotsak zabaldu zuen sua pizteko deia herrian. Ordu erdi beranduago suaren inguruan elkartu ziren herritarrak eta aurtengoan 'Erre zenituzten' dantza ere eskaini zuten gazteek, festa alaituz.